Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 10:1-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Ondoren, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta toki guztietara.

2. Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara.

3. «Zoazte! Bildotsak otso artera bezala bidaltzen zaituztet.

4. «Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten.

5. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei”.

6. Han bakezalerik baldin badago, haren gain kokatuko da zuen bakea; bestela, hutsean geldituko da zuen agurra.

7. Geldi zaitezte etxe berean, eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe.

8. «Herriren batean sartu eta ongi hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik,

9. sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Gainean duzue Jainkoaren erregetza”.

10. Baina herriren batean sartu eta onartzen ez bazaituztete, irten plazara eta esan:

11. “Oinetan itsatsi zaigun zuen herriko hautsa ere hor astintzen dizuegu. Dena dela, jakin ezazue gainean duzuela Jainkoaren erregetza”.

12. Hona nik esan: Auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango du herri hark baino.

13. «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon hiri jentiletan zuen artean adina mirari gertatu izan balitz, aspaldi bihozberrituak ziratekeen, dolu-jantziz estaliz eta hautsetan eseriz.

14. Horregatik, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dute zuek baino.

15. Eta zu, Kafarnaum, «zeruraino altxatuko al zara? Lurraren barreneraino eroriko zara!

16. «Zuei entzuten dizuenak niri entzuten dit, eta zuek onartzen ez zaituztenak, ni ez nau onartzen; ni onartzen ez nauenak, berriz, bidali nauen hura ez du onartzen».

17. Hirurogeita hamabi ikasleak poz-pozik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi:—Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izena aipatzean.

18. Jesusek esan zien:—Tximista bezala zerutik erortzen ikusi dut Satanas.

19. Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menderatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk kalterik egin.

20. Halaz guztiz ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 10