Itun Zaharra

Itun Berria

Kolosarrei 3:12-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Jainkoak maitatu eta bere herri santu izateko aukeratu zaituztenez gero, jantz zaitezte bihozberatasunez, ontasunez, apaltasunez, otzantasunez, pazientziaz.

13. Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu. Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri.

14. Eta guztien gainetik, jantz zaitezte maitasunez, hau baita elkartasun betearen lokarria.

15. Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan, horretara deitu baitzaituzte Jainkoak gorputz batean elkartuz. Eta izan zaitezte esker oneko.

16. Bizi bedi oparo zuengan Kristoren mezua. Irakatsi eta zentzarazi elkar jakinduria osoz. Kantatu Jainkoari esker onez eta bihotzez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak.

17. Eta esan nahiz egin dezazuen guztia, egizue Jesus Jaunaren izenean, honen bidez Jainko Aitari eskerrak emanez.

18. Emazteok, izan senarren menpeko, Jaunaren jarraitzaileei dagokien bezala.

19. Senarrok, maitatu emazteak eta ez izan horiekin zakar.

20. Seme-alabok, izan beti gurasoen esaneko, hori baitu Jaunak gogoko.

21. Gurasook, ez sumindu seme-alabak, bihozgabe ez daitezen.

22. Esklabook, izan beti mundu honetan nagusi dituzuenen esaneko; ez jagolearen begiradapean edo gizakiei atsegin izateko bakarrik, bihotz-bihotzez baizik, Jaunarenganako begiruneagatik.

23. Egin dezazuen guztia egizue gogo osoz, Jaunarentzat bezala eta ez gizakientzat,

24. jakinik Jaunarengandik jasoko duzuen ondarea duzuela saria. Zuek Kristo, benetako nagusia, duzue zerbitzatzen.

25. Gaizki jokatzen duenak, dena dela, bere merezia hartuko du, Jainkoak ez baitu bereizkeriarik egiten.

Irakurri kapitulu osoa Kolosarrei 3