Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 9:3-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Jesusek erantzun zien:—Ez beronek, ez beronen gurasoek, ez zuten bekatu egin, baizik eta Jainkoaren egintzak honengan ager daitezen jaio zen itsu.

4. Egun-argi den bitartean, bidali nauenaren egintzak bete behar ditut; badator gaua, eta orduan ezin izango du inork lanik egin.

5. Munduan naizen bitartean, munduaren argia naiz.

6. Hau esanik, lurrera listua bota, listuaz lohia egin eta lohiaz itsuari begiak igurtzi zizkion.

7. Gero, esan zion:—Zoaz garbitzera Siloeko ur-putzura (Siloek «Bidalia» esan nahi du).Joan zen, bada, garbitu eta ikusten zuela itzuli zen.

8. Auzokoek eta lehen eskean ikusi ohi zutenek esaten zuten:—Ez al da hau eserita eskean egoten zena?

9. Batzuek zioten:—Bai, huraxe da.Beste batzuek, berriz:—Ez, ez da hura, haren antzeko bat baino.Berak, ordea, zioen:—Bai, neu nauzue.

10. Haiek galdetu zioten:—Nola ikusten duzu, bada, orain?

11. Hark erantzun zien:—Jesus delakoak listuaz lohia egin du, begiak igurtzi dizkit eta agindu: «Zoaz Siloera eta garbitu han»; joan, garbitu eta ikusten hasi naiz.

12. Orduan, galdegin zioten:—Non da orain gizon hori?Hark erantzun:—Ez dakit.

13-14. Larunbata zen Jesusek lohia egin eta begiak ireki zizkion eguna. Horregatik, fariseuengana eraman zuten itsu izandako hura,

15. eta fariseuek berriro galdegin zioten ea nola hasi zen ikusten. Hark erantzun zien:—Lohia ezarri zidan begietan, garbitu nintzen eta ikusi egiten dut.

16. Orduan, fariseuetariko batzuek zioten:—Gizon hori ez dator Jainkoarengandik, ez baitu atseden-eguna errespetatzen.Beste batzuek, berriz, zioten:—Nola egin lezake bekatari batek horrelako mirarizko seinalerik?Eta ez zetozen bat beren iritzietan.

17. Orduan, berriro galdetu zioten itsuari:—Eta zuk, zer diozu begiak ireki dizkizunaz?Hark erantzun:—Profeta dela.

18. Judu-agintariek, ordea, ez zuten sinetsi nahi gizon hura itsu izan eta gero ikusten hasi zenik. Beraz, haren gurasoei deitu

19. eta galdegin zieten:—Hau al da zuen semea, itsu jaio zela diozuena? Nola ikusten du, bada, orain?

20. Gurasoek erantzun zieten:—Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu jaio zela;

21. baina orain nola ikusten duen edo begiak nork ireki dizkion, hori ez dakigu. Galdegin berari, badu adina-eta bere buruaren berri emateko.

22. Gurasoek agintarien beldur zirelako erantzun zuten horrela, ordurako agintariek erabakia baitzuten Jesus Mesias zela aitortzen zuena beren elkartetik botatzea.

Irakurri kapitulu osoa Joan 9