Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 9:12-30 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Orduan, galdegin zioten:—Non da orain gizon hori?Hark erantzun:—Ez dakit.

13-14. Larunbata zen Jesusek lohia egin eta begiak ireki zizkion eguna. Horregatik, fariseuengana eraman zuten itsu izandako hura,

15. eta fariseuek berriro galdegin zioten ea nola hasi zen ikusten. Hark erantzun zien:—Lohia ezarri zidan begietan, garbitu nintzen eta ikusi egiten dut.

16. Orduan, fariseuetariko batzuek zioten:—Gizon hori ez dator Jainkoarengandik, ez baitu atseden-eguna errespetatzen.Beste batzuek, berriz, zioten:—Nola egin lezake bekatari batek horrelako mirarizko seinalerik?Eta ez zetozen bat beren iritzietan.

17. Orduan, berriro galdetu zioten itsuari:—Eta zuk, zer diozu begiak ireki dizkizunaz?Hark erantzun:—Profeta dela.

18. Judu-agintariek, ordea, ez zuten sinetsi nahi gizon hura itsu izan eta gero ikusten hasi zenik. Beraz, haren gurasoei deitu

19. eta galdegin zieten:—Hau al da zuen semea, itsu jaio zela diozuena? Nola ikusten du, bada, orain?

20. Gurasoek erantzun zieten:—Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu jaio zela;

21. baina orain nola ikusten duen edo begiak nork ireki dizkion, hori ez dakigu. Galdegin berari, badu adina-eta bere buruaren berri emateko.

22. Gurasoek agintarien beldur zirelako erantzun zuten horrela, ordurako agintariek erabakia baitzuten Jesus Mesias zela aitortzen zuena beren elkartetik botatzea.

23. Horregatik esan zuten gurasoek: «Badu adina, galdegin berari».

24. Agintariek itsu izandakoari bigarren aldiz dei egin eta esan zioten:—Aitortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu gizon hori bekatari dela.

25. Hark erantzun zien:—Ez dakit bekatari den ala ez. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsu nintzela eta orain ikusi egiten dudala.

26. Haiek, berriro:—Zer egin dizu? Nola ireki dizkizu begiak?

27. Eta hark erantzun:—Esan dizuet, eta ez didazue jaramonik egin. Zergatik nahi duzue berriro entzun? Zuek ere haren ikasle izan nahi duzue, ala?

28. Haiek irainez bete eta esan zioten:—Zeu zara, zu, haren ikasle; gu Moisesen ikasle gara.

29. Guk ziur dakigu Moisesi Jainkoak hitz egin ziola, baina hori nongoa den ere ez dakigu.

30. Hark ihardetsi zien:—Hori bai harrigarria! Zuek nongoa den ere jakin ez, eta horrek niri begiak ireki.

Irakurri kapitulu osoa Joan 9