Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 8:43-55 Elizen Arteko Biblia (EAB)

43. Zergatik ez duzue ulertzen nire mintzaira? Nire mezua onartu nahi ez duzuelako.

44. Zuek deabrua duzue aita, harenak zarete, eta zeuen aitaren gogoa nahi duzue egin. Hura hiltzaile izan da hasieratik, eta egian oinarritua ez dagoenez, ez du sekula egiarik esaten. Gezurra dioenean, bere-berea duenetik ari da, gezurti baita, eta gezurraren aita.

45. Niri, berriz, egia diodalako, ez didazue sinesten.

46. Ea zuetariko zeinek aurpegiratzen didan bekaturik! Baina egia badiot, zergatik ez didazue sinesten?

47. Jainkoarena denak onartzen du Jainkoak irakatsia; zuek ez duzue onartzen, Jainkoarenak ez zaretelako.

48. Orduan, judu haiek erantzun zioten:—Ez al dugu arrazoi samariarra zarela eta deabruaren menpe zaudela esatean?

49. Jesusek erantzun zien:—Ni ez nago deabruaren menpe; nik neure Aita ohoratzen dut, eta zuek ni desohoratzen;

50. baina ni ez naiz neure ohoreaz arduratzen; beste bat arduratzen da horretaz, eta hark du epaitzeko ahalmena.

51. Bene-benetan diotsuet: Nire mezua onartzen duenak ez du inoiz heriotzarik ikusiko.

52. Entzuleek esan zioten:—Oraintxe bai dakigula deabruaren menpe zaudela. Abraham hil egin zen eta profetak ere bai; eta zuk diozu: «Nire mezua onartzen duenak ez du inoiz heriotzarik jasango».

53. Gure aita Abraham baino handiagoa al zara, bada, zu? Hura hil egin zen eta profetak ere bai; nor zarelakoan zaude?

54. Jesusek erantzun zuen:—Neure burua neuk ohoratzen badut, nire ohore horrek ez du ezer ere balio; baina ni Aitak ohoratzen nau, zeuen Jainkoa omen duzuenak.

55. Zuek, ordea, ez duzue ezagutzen; nik, bai, ezagutzen dut, eta ez dudala ezagutzen esango banu, gezurti nintzateke zuek bezalaxe; baina ezagutzen dut, baita onartzen ere haren mezua.

Irakurri kapitulu osoa Joan 8