Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 8:24-43 Elizen Arteko Biblia (EAB)

24. Horregatik esan dizuet, zeuen bekatuan hilko zaretela; zeren ni naizena naizela sinesten ez baduzue, zeuen bekatuetan hilko baitzarete.

25. Orduan, esan zioten:—Nor zara zu?Jesusek erantzun:—Hasieratik ari natzaizue esaten.

26. Badut zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Baina bidali nauena fidagarria da; eta nik hari entzun diodana, horixe bera esaten diot munduari.

27. Baina ez ziren jabetu Aitaz mintzo zitzaiela.

28. Esan zien, bada, Jesusek:—Gizonaren Semea jasoko duzuenean, orduan konturatuko zarete naizena naizela ni, eta ez dudala neurez ezer egiten, baizik eta Aitari ikasia bakarrik esaten dudala.

29. Neurekin dut bidali nauena; ez nau, ez, bakarrik utzi, hark atsegin duena egiten baitut beti.

30. Gauzok esan zituenean, askok sinetsi zuten harengan.

31. Orduan, esan zien Jesusek sinetsi zioten juduei:—Nire mezuan tinko irauten baduzue, zinez nire ikasle izango zarete;

32. horrela, egia ezagutuko duzue, eta egiak aske egingo zaituzte.

33. Erantzun zioten:—Gu Abrahamen hazikoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Nola diozu aske izango garela?

34. Jesusek erantzun zien:—Bene-benetan diotsuet: Bekatu egiten duen oro bekatuaren esklabo da.

35. Eta esklaboa ez da betiko etxean geratzen; semea, ordea, bai.

36. Beraz, Semeak askatzen bazaituzte, benetan aske izango zarete.

37. Badakit, bai, Abrahamen hazikoak zaretena; baina ni hil nahian zabiltzate, nire mezua zuengan itsasten ez delako.

38. Neure Aitaren ondoan ikusi dudanaz mintzo naiz ni; zuek, ordea, zeuen aitarengandik ikasi duzuena egiten duzue.

39. Erantzun zioten Jesusi:—Abraham dugu aita.Jesusek esan zien:—Abrahamen seme baldin bazinete, Abrahamek egin zuena egingo zenukete.

40. Zuek ni hil nahian zabiltzate, Jainkoarengandik ikasi nuen egia esan dizuedalako; Abrahamek ez zuen horrelakorik egin.

41. Zuek zeuen aitak egin zuena egiten duzue.Erantzun zioten:—Gu ez gara sasikume; aita bakarra dugu, Jainkoa.

42. Jesusek, orduan:—Zuen aita Jainkoa balitz, maiteko nindukezue, ni Jainkoarengandik irten eta etorri bainaiz; ez naiz neure kabuz etorria, hark bidalia baizik.

43. Zergatik ez duzue ulertzen nire mintzaira? Nire mezua onartu nahi ez duzuelako.

Irakurri kapitulu osoa Joan 8