Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 8:21-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Berriro esan zien Jesusek:—Ni banoa, eta zuek nire bila ibiliko zarete, baina zeuen bekatuan hilko zarete. Ni noan tokira zuek ezin zarete joan.

22. Orduan, entzuleek:—Bere burua hil behar ote du? Horregatik esaten ote du «Ni noan tokira zuek ezin zarete joan»?

23. Jesusek jarraitu zuen:—Zuek behekoak zarete, ni goikoa naiz; zuek mundu honetakoak zarete, ni ez naiz mundu honetakoa.

24. Horregatik esan dizuet, zeuen bekatuan hilko zaretela; zeren ni naizena naizela sinesten ez baduzue, zeuen bekatuetan hilko baitzarete.

25. Orduan, esan zioten:—Nor zara zu?Jesusek erantzun:—Hasieratik ari natzaizue esaten.

26. Badut zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Baina bidali nauena fidagarria da; eta nik hari entzun diodana, horixe bera esaten diot munduari.

27. Baina ez ziren jabetu Aitaz mintzo zitzaiela.

28. Esan zien, bada, Jesusek:—Gizonaren Semea jasoko duzuenean, orduan konturatuko zarete naizena naizela ni, eta ez dudala neurez ezer egiten, baizik eta Aitari ikasia bakarrik esaten dudala.

29. Neurekin dut bidali nauena; ez nau, ez, bakarrik utzi, hark atsegin duena egiten baitut beti.

30. Gauzok esan zituenean, askok sinetsi zuten harengan.

31. Orduan, esan zien Jesusek sinetsi zioten juduei:—Nire mezuan tinko irauten baduzue, zinez nire ikasle izango zarete;

32. horrela, egia ezagutuko duzue, eta egiak aske egingo zaituzte.

33. Erantzun zioten:—Gu Abrahamen hazikoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Nola diozu aske izango garela?

34. Jesusek erantzun zien:—Bene-benetan diotsuet: Bekatu egiten duen oro bekatuaren esklabo da.

35. Eta esklaboa ez da betiko etxean geratzen; semea, ordea, bai.

36. Beraz, Semeak askatzen bazaituzte, benetan aske izango zarete.

Irakurri kapitulu osoa Joan 8