Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 7:9-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Hori esan eta Galilean gelditu zen Jesus.

10. Baina haren senideak jaietara joan ondoren, bera ere joan egin zen; ez, ordea, agerian, erdi ezkutuan baizik.

11. Judu-agintariak Jesusen bila zebiltzan jaietan, esanez: «Non ote da hori?»

12. Eta jendea txutxu-mutxuka ari zen hartaz; batzuek zioten: «Gizon ona da». Beste batzuek, ordea: «Ez, herria engainatzen ari da».

13. Halere, inor ez zen hartaz agerian mintzatzera ausartzen, agintarien beldurrez.

14. Jaien erdialdera, tenpluan azaldu zen Jesus, eta irakasten hasi zen.

15. Agintariek, harrituta, zioten:—Nondik da hau hain ikasia, eskolan ibili gabe?

16. Jesusek ihardetsi zien:—Nire irakaspena ez dut neurea, bidali nauenarena baizik.

17. Jainkoaren nahia egiteko prest dagoenak jakingo du irakaspen hau Jainkoarengandikoa den ala neure kabuz mintzo naizen.

18. Bere kabuz mintzo dena bere buruaren ohore bila ibili ohi da; baina bidali duenarentzat ohore bila dabilena fidagarria da, eta ez du faltsukeriarik.

19. Ez al zizuen Moisesek legea eman? Halere, zuetariko inork ez du betetzen legea. Zergatik zabiltzate ni hil nahian?

20. Jendeak erantzun zion:—Burutik zaude! Nor dabil zu hil nahian?

21. Jesusek erantzun zien:—Harriturik zaudete larunbatez egin dudanarengatik.

22. Baina pentsa: Moisesek erdainkuntzaren legea ezarri zizuen (egia esan, ohitura hau ez zen Moisesekin hasi, arbasoekin baino), eta larunbatez ere erdaindu ohi duzue gizona.

23. Horrela bada, Moisesen legea ez haustearren, erdainkuntza larunbatez ere egiten bazaio gizonari, zergatik haserretzen zarete nirekin, larunbatez gizon baten gorputz osoa sendatu dudalako?

24. Ez epaitu itxuren arabera, zuzentasunez baizik.

Irakurri kapitulu osoa Joan 7