Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 7:35-51 Elizen Arteko Biblia (EAB)

35. Judu-agintariek ziotsaten elkarri: «Nora joango da hau, guk bera ezin aurkitu ahal izateko? Jentilen artean sakabanaturiko judu-elkarteetara joan nahi ote du, jentilei irakastera?

36. Zergatik esaten ote du “Nire bila ibiliko zarete, baina ez nauzue aurkituko; zeren eta, ni egongo naizen tokira, zuek ezin baitzarete joan”?»

37. Jaietako azken egunean, nagusienean, Jesusek zutik jarri eta oihu egin zuen, esanez: «Egarri dena betor niregana, eta edan beza

38. niregan sinesten duenak. Liburu Santuek dioten bezala, ur biziko errekak jarioko zaizkio barru-barrutik».

39. Harengan sinetsiko zutenek hartuko zuten Espirituaz esan zuen hori; izan ere, ez zen artean Espiriturik, Jesusen jainkozko aintza ez zelako oraindik azaldu.

40. Jesusen hitzok entzutean, batzuek zioten: «Benetan hauxe da itxaron dugun profeta».

41. Beste batzuek esaten zuten: «Hauxe da Mesias». Baina beste zenbait kontra atera zen: «Galileatik etor ote daiteke Mesias?

42. Ez al diote, bada, Liburu Santuek Daviden hazitik eta haren herrixka Belendik etorriko dela?»

43. Iritzi kontrajarriak zeuden, bada, jendearen artean Jesusi buruz.

44. Batzuek atxilotu egin nahi zuten, baina inork ez zion eskurik ezarri.

45. Guardiak apaizburu eta fariseuengana itzuli ziren. Hauek galdetu zieten:—Zergatik ez duzue ekarri?

46. Guardiek erantzun zieten:—Ez du sekula inork horrek bezala hitz egin.

47. Orduan, fariseuek:—Zuek ere engainatu al zaituzte?

48. Sinetsi ote du harengan buruzagi edo fariseuetakoren batek ere?

49. Baina legea ezagutzen ez duen jendaila hau madarikatua dago.

50. Nikodemok, fariseuetako batek, behinola Jesusengana joan zenak, esan zien:

51. —Zilegi ote dugu geure legearen arabera inor gaitzestea, aldez aurretik berari entzun eta zer egin duen jakin gabe?

Irakurri kapitulu osoa Joan 7