Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 7:32-40 Elizen Arteko Biblia (EAB)

32. Fariseuek entzun zuten jendea hartaz esaten ari zena eta, apaizburuekin elkar harturik, guardiak bidali zituzten atxilot zezaten.

33. Orduan, Jesusek esan zuen: «Oraindik alditxo batez egongo naiz zuekin, eta gero bidali nauenarengana joango.

34. Orduan, nire bila ibiliko zarete, baina ez nauzue aurkituko; zeren eta, ni egongo naizen tokira, zuek ezin baitzarete joan».

35. Judu-agintariek ziotsaten elkarri: «Nora joango da hau, guk bera ezin aurkitu ahal izateko? Jentilen artean sakabanaturiko judu-elkarteetara joan nahi ote du, jentilei irakastera?

36. Zergatik esaten ote du “Nire bila ibiliko zarete, baina ez nauzue aurkituko; zeren eta, ni egongo naizen tokira, zuek ezin baitzarete joan”?»

37. Jaietako azken egunean, nagusienean, Jesusek zutik jarri eta oihu egin zuen, esanez: «Egarri dena betor niregana, eta edan beza

38. niregan sinesten duenak. Liburu Santuek dioten bezala, ur biziko errekak jarioko zaizkio barru-barrutik».

39. Harengan sinetsiko zutenek hartuko zuten Espirituaz esan zuen hori; izan ere, ez zen artean Espiriturik, Jesusen jainkozko aintza ez zelako oraindik azaldu.

40. Jesusen hitzok entzutean, batzuek zioten: «Benetan hauxe da itxaron dugun profeta».

Irakurri kapitulu osoa Joan 7