Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 6:11-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Jesusek ogiak hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, banatu egin zituen eserita zeudenen artean; berdin arrainak ere, nahi adina.

12. Eta ase zirenean, esan zien Jesusek ikasleei: «Bil itzazue hondarrak, ezer gal ez dadin».

13. Bildu zituzten, bada, eta bost garagar-ogietatik jan zutenei gelditu zitzaizkien hondarrez hamabi saski bete zituzten.

14. Jendeak, orduan, Jesusen mirarizko seinale hura ikusirik, honela zioen: «Hauxe da egiaz mundura etortzekoa zen profeta».

15. Jesusek, ordea, errege egiteko indarrez eraman nahi zutela ikusirik, mendira alde egin zuen berriro berak bakarrik.

16. Arratsean, Jesusen ikasleak aintzirara jaitsi

17. eta, txalupara igorik, aintziraz beste aldera abiatu ziren, Kafarnaumerantz. Iluna zen jadanik, eta artean Jesus ez zen beraiekin.

18. Aintzira haserretzen ari zen, haize handia zebilen eta.

19. Bospasei kilometro arraunean egin ondoren, Jesus ur gainean oinez eta txaluparantz hurbiltzen ikusi zuten, eta beldurrak hartu zituen.

20. Jesusek, ordea, esan zien: «Neu naiz. Ez beldurtu!»

21. Haiek, orduan, txalupan hartu nahi izan zuten, baina txalupa berehala iritsi zen zihoazen tokira.

22. Biharamunean, aintziraz beste aldean zegoen jendea konturatu zen han txalupa bat bakarra izan zela eta Jesus ez zela ontziratu ikasleekin, baizik eta hauek bakarrik joan zirela.

23. Bitartean, beste zenbait txalupa iritsi zen Tiberiadesetik, Jaunak esker oneko otoitza egin ondoren ogia jan zuten ingurura.

24. Han ez zeudela ez Jesus, ez ikasleak konturatzean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila.

25. Aintziraz beste aldean aurkitu eta esan zioten:—Maisu, noiz etorri zara hona?

26. Jesusek erantzun zien:—Bene-benetan diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ikusi dituzuen mirarizko seinaleengatik, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik.

27. Ahalegin zaitezte, ez galtzen den janariagatik, baizik eta irauten eta betiko bizia ematen duen janariagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari egin duenak.

28. Orduan, galdetu zioten:—Zer egin behar dugu Jainkoak nahi duena egiteko?

Irakurri kapitulu osoa Joan 6