21. Jesusek esan zion:—Sinets iezadazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena.
22. Zuek, samariarrok, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator.
23. Baina badator ordua —hobeto esan, heldu da—, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dutena; horrela adora dezaten nahi du Aitak.
24. Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute.
25. Emakumeak esan zion:—Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dela, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkigula.
26. Jesusek esan zion:—Neu naiz, zurekin mintzo naizen hau.
27. Une hartan ikasleak iritsi eta harritu egin ziren Jesus emakume batekin hizketan ari zela ikustean; halere, inor ez zen ausartu galdetzera zer nahi zuen edo zertaz ziharduen emakumearekin.
28. Emakumeak suila utzi, hirira itzuli eta esan zion jendeari:
29. «Zatozte egin dudan guztia esan didan gizon bat ikustera. Ez ote da bera Mesias izango?»
30. Jendea hiritik irten eta Jesusengana joan zen.