Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 20:4-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira.

5. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu.

6. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen,

7. baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik.

8. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen.

9. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.

10. Pedro eta beste ikaslea etxeratu egin ziren.

11. Maria hilobi ondoan gelditu zen, kanpoan negarrez. Halako batean, oraindik ere negarrez, hilobirantz makurtu zen,

12. eta bi aingeru ikusi zituen zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zen tokian eserita, bata burualdean eta bestea oinetan.

13. Aingeruek esan zioten:—Emakume, zergatik ari zara negarrez?Hark erantzun zien:—Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten.

14. Berehala, atzera begiratu eta Jesus ikusi zuen zutik, baina ez zen konturatu Jesus zela.

15. Jesusek esan zion:—Emakume, zergatik ari zara negarrez? Noren bila zabiltza?Hark, baratzezaina zelakoan, esan zion:—Jauna, zuk eraman baldin baduzu, esadazu non ipini duzun, eta neuk jasoko dut.

16. Jesusek esan zion:—Maria!Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz:—Rabbuni! (hau da, Maisu).

17. Jesusek esan zion:—Utz nazazu, oraindik ez bainaiz igo Aitarengana. Ea, zoaz nire senideengana eta esaiezu neure eta zuen Aitarengana noala, neure eta zuen Jainkoarengana.

18. Magdalako Mariak joan eta ikasleei berri hau eman zien: «Jauna ikusi dut». Eta hark esana kontatu zien.

Irakurri kapitulu osoa Joan 20