9. Mahaizainak ardo bihurtutako ura dastatu zuen, nongoa zen jakin gabe; zerbitzariek, bai, bazekiten, beraiek atera baitzuten ura. Ardo berria dastatu zueneko, senarrari dei egin
10. eta esan zion: «Jende guztiak ardorik onena atera ohi du lehenik eta, jendea aski edanda dagoenean, arruntagoa; zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardorik onena».
11. Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; honela, bere Jainko-aintza agertu zuen, eta ikasleek sinetsi egin zuten harengan.
12. Ondoren, Kafarnaumera joan zen bere ama, anai-arreba eta ikasleekin, eta han egon ziren zenbait egunez.
13. Hurbil zen juduen Pazko-jaia, eta Jerusalemera joan zen Jesus.
14. Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru-trukatzaileak ere bai, han eserita.
15. Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota zituen denak, baita ardiak eta idiak ere; eta trukatzaileen diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituen.
16. Uso-saltzaileei esan zien: «Kendu hemendik hau dena. Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe».
17. Ikasleei, Liburu Santuak dioena etorri zitzaien gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.
18. Orduan, galdetu zioten judu-agintariek:—Zer seinale ematen diguzu hori egiteko aginpidea duzula frogatzeko?
19. Jesusek erantzun zien:—Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.
20. Juduek ihardetsi zioten:—Berrogeita sei urte behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunetan berreraikiko duzula?