1. Hiru egunera, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta han zen Jesusen ama.
2. Jesus eta beronen ikasleak ere gonbidatu zituzten ezteietara.
3. Eta ardoa amaitu baitzen, esan zion amak Jesusi:—Ez dute ardorik.
4. Jesusek erantzun zion:—Utz nazazu bakean, emakume. Oraino ez da etorri nire ordua.
5. Jesusen amak honela esan zien zerbitzariei: «Egin horrek esango dizuena».
6. Baziren han harrizko sei ur-ontzi, juduek beren garbikuntzetarako erabili ohi zituztenak, ehunen bat litrokoa bakoitza.
7. Jesusek esan zien zerbitzariei:—Bete ontziak urez.Haiek goraino bete zituzten.
8. Orduan, esan zien:—Atera pixka bat eta eraman mahaizainari.Hala egin zuten haiek.
9. Mahaizainak ardo bihurtutako ura dastatu zuen, nongoa zen jakin gabe; zerbitzariek, bai, bazekiten, beraiek atera baitzuten ura. Ardo berria dastatu zueneko, senarrari dei egin
10. eta esan zion: «Jende guztiak ardorik onena atera ohi du lehenik eta, jendea aski edanda dagoenean, arruntagoa; zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardorik onena».
11. Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; honela, bere Jainko-aintza agertu zuen, eta ikasleek sinetsi egin zuten harengan.
12. Ondoren, Kafarnaumera joan zen bere ama, anai-arreba eta ikasleekin, eta han egon ziren zenbait egunez.
13. Hurbil zen juduen Pazko-jaia, eta Jerusalemera joan zen Jesus.
14. Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru-trukatzaileak ere bai, han eserita.
15. Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota zituen denak, baita ardiak eta idiak ere; eta trukatzaileen diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituen.
16. Uso-saltzaileei esan zien: «Kendu hemendik hau dena. Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe».
17. Ikasleei, Liburu Santuak dioena etorri zitzaien gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.
18. Orduan, galdetu zioten judu-agintariek:—Zer seinale ematen diguzu hori egiteko aginpidea duzula frogatzeko?