Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 18:3-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Judas, beraz, tenpluko gudari-taldea eta apaizburu eta fariseuen guardiak harturik, hara joan zen. Armaturik eta zuzi eta argiontziz horniturik zihoazen.

4. Jesusek, ongi baitzekien gertatuko zitzaion guztia, bidera irten eta esan zien:—Noren bila zatozte?

5. Erantzun zioten:—Jesus Nazaretarraren bila.Hark, orduan:—Neu naiz.Han zen guardiekin Judas saltzailea ere.

6. Jesusek «Neu naiz» esan zienean, atzeraka hasi eta lurrera erori ziren.

7. Berriro galdegin zien Jesusek:—Noren bila zatozte?Haiek erantzun:—Jesus Nazaretarraren bila.

8. Eta Jesusek:—Esan dizuet neu naizela; nire bila bazatozte, utzi hauei joaten.

9. Horrela bete zen Jesusek berak esana: «Eman dizkidazunetatik ez dut bat ere galdu».

10. Orduan, Simon Pedrok, aldean zuen ezpata atera, apaiz nagusiaren morroia jo eta eskuineko belarria moztu zion. Morroiak Malko zuen izena.

11. Jesusek esan zion Pedrori: «Itzuli ezpata zorrora. Ez ote dut, bada, edan behar Aitak leporatu didan edari samina?»

12. Orduan, gudari-taldeak bere buruzagiarekin eta judu-agintarien guardiek Jesus preso hartu zuten eta, loturik,

13. Anasen etxera eraman zuten lehenengo. Anas urte hartako apaiz nagusi Kaifasen aitaginarreba zen.

14. (Kaifas zen judu-agintariei aholku hau eman ziena: «Hobe da gizon bat herriarengatik hiltzea»).

15. Simon Pedro eta beste ikasle bat Jesusen ondoren joan ziren. Ikasle hau apaiz nagusiaren ezaguna zen, eta Jesusekin batera sartu zen apaiz nagusiaren jauregiko patiora;

16. Pedro, ordea, kanpoan gelditu zen, ate ondoan. Atera zen, orduan, apaiz nagusiaren ezaguna zen ikaslea eta, atezainari hitz egin ondoren, Pedro sarrarazi zuen.

17. Atezain zegoen neskameak esan zion Pedrori:—Ez al haiz hi ere gizon horren ikasleetakoa?Pedrok erantzun:—Ez, ez naun.

18. Morroiak eta guardiak sua egin eta berotzen ari ziren, hotz baitzegoen. Pedro ere haiekin zegoen berotzen.

19. Apaiz nagusiak bere ikasleez eta bere irakatsiaz galdegin zion Jesusi.

20. Jesusek erantzun zion:—Ageri-agerian hitz egin izan diot nik mundu guztiari; sinagogetan eta tenpluan irakatsi izan dut beti, judu guztiak biltzen diren lekuan, eta ezer ere ez dut ezkutuan esan.

Irakurri kapitulu osoa Joan 18