25. Bitartean, Simon Pedro sutondoan zegoen berotzen, eta galdetu zioten:—Ez al haiz hi ere horren ikasleetakoa?Hark ukatu egin zuen, esanez:—Ez, ez nauk.
26. Apaiz nagusiaren morroietariko batek, Pedrok belarria moztu zionaren ahaideak, esan zion:—Nola ezetz! Neuk ikusi hindudan baratzean horrekin.
27. Baina Pedrok ukatu egin zuen berriro, eta berehala oilarrak jo zuen.
28. Kaifasenetik gobernariaren jauregira eraman zuten Jesus. Goizaldea zen. Judu-agintariak ez ziren sartu jauregira, ez kutsatzeko, ezin izango baitzuten bestela Pazko-afarian parte hartu.
29. Pilatok kanpora irten eta galdetu zien:—Zertaz salatzen duzue gizon hau?
30. Haiek erantzun zioten:—Gaizkilea ez balitz, ez genizukeen ekarriko.
31. Pilatok esan zien:—Eraman zeuek eta epaitu zeuen legearen arabera.Judu-agintariek erantzun:—Guri ez zaigu zilegi inor heriotzara kondenatzea.
32. Horrela beteko zen Jesusek esana, zein heriotzaz hilko zen adierazi zuenean.
33. Pilato barrura sartu zen berriro eta, Jesusi deituz, galdegin zion:—Zu al zara juduen erregea?
34. Eta Jesusek:—Zeure kabuz galdetzen didazu hori ala besteek esan dizute hori nitaz?
35. Pilatok erantzun zion:—Judua ote naiz, bada, ni? Zeure herrikoek eta apaizburuek ekarri zaituzte niregana. Zer egin duzu?
36. Jesusek erantzun:—Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa balitz, nire jendeak borroka egingo zuen ni judu-agintarien menpe ez erortzeko; nire erregetza, ordea, ez da hemengoa.
37. Orduan, Pilatok esan zion:—Beraz, errege zara zu?Jesusek erantzun zion:— Errege naiz, zeuk diozun bezalaxe. Horretarakoxe jaio eta etorri naiz mundura: egiaren testigantza egitera. Egiarena denak entzuten du nire ahotsa.
38. Pilatok galdetu zion:—Egia, zer da egia?Hori esanik, Pilatok berriro irten eta judu-agintariei esan zien:—Nik ez dut gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen.
39. Baina baduzue ohitura bat nik Pazko-jaietan preso bat askatzekoa. Nahi al duzue juduen erregea askatzea?