Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 14:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. «Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere.

2. Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa.

3. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten.

4. Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».

5. Tomasek esan zion:—Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?

6. Jesusek erantzun:—Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik.

7. Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue.

8. Orduan, Felipek esan zion:—Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta aski dugu.

9. Jesusek erantzun:—Honenbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nauzu ezagutzen? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: «Erakuts iezaguzu Aita?»

10. Ez al duzu sinesten ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin? Nik irakatsi dizuedana ez dizuet neure kabuz irakatsi. Niregan bizi den Aita da bere salbamen-egintza burutzen ari dena.

Irakurri kapitulu osoa Joan 14