Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 12:31-50 Elizen Arteko Biblia (EAB)

31. Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe galduko du bere boterea mundu honetako buruzagiak.

32. Eta nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut denak».

33. Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen adierazi zuen.

34. Jendeak honela esan zion:—Mesiasek betiko iraungo duela irakasten digute Liburu Santuek. Nola diozu, bada, zuk Gizonaren Semea lurretik jaso behar dutela? Nor da Gizonaren Seme hori?

35. Jesusek erantzun zien:—Oraindik pixka batean argia zeuen artean duzue; ibili argia duzuen bitartean, ilunpeak harrapa ez zaitzaten, ilunpetan dabilenak ez baitaki nora doan.

36. Argia duzuen bitartean, sinetsi argiari, argiaren partaide izan zaitezten.Gauza hauek esan ondoren, Jesus haiengandik alde egin eta ezkutatu egin zen.

37. Jesusek herriaren aurrean mirarizko hainbat seinale egin zuen arren, gehienek ez zuten harengan sinetsi;

38. horrela, Isaias profetak esana bete zen: Jauna, nork sinetsi du gure mezua? Eta nori agertu dio Jaunak bere ahalmena?

39. Isaiasek berak esan zuen zergatik ezin zuten sinetsi:

40. Itsutu egin ditu haien begiak, gogortu haien buru-bihotzak. Ez bezate beren begiez ikus, ezta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.

41. Isaiasek Jesusi buruz esan zuen hau, ikusia baitzuen beraren Jainko-aintza.

42. Halaz guztiz, askok, baita buruzagietakoek ere, sinetsi zuten harengan; baina, fariseuen beldurrez, ez zuten agerian aitortzen, judu-elkartetik bota ez zitzaten;

43. izan ere, giza ohorea maiteago zuten Jainkoarengandik datorrena baino.

44. Jesusek oihu eginez esan zuen: «Niregan sinesten duenak ez du niregan bakarrik sinesten, baita ni bidali nauenarengan ere.

45. Eta ni ikusten nauenak ni bidali nauena ere ikusten du.

46. Ni argia bezala etorri naiz mundura, niregan sinesten duenik inor ilunpeen menpe geldi ez dadin.

47. Nire irakatsiak entzun bai, baina betetzen ez dituena, ez dut nik gaitzetsiko, ez bainaiz mundua gaitzestera etorri, mundua salbatzera baizik.

48. Ni ukatu eta nire irakatsiak onartzen ez dituenak, badu nork gaitzetsi: nik adierazitako mezuak berak gaitzetsiko du azken egunean;

49. nik ez baitut neure kabuz hitz egin, baizik eta bidali nauen Aitak agindu dit zer esan eta irakatsi.

50. Eta badakit, bai, Aitaren aginduak betiko bizia dakarrena. Horrela, bada, nik esaten dudan guztia, Aitak agindu bezala esaten dut».

Irakurri kapitulu osoa Joan 12