Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 11:39-54 Elizen Arteko Biblia (EAB)

39. Jesusek esan zuen:—Kendu harria.Martak, Lazaro zenaren arrebak, erantzun zion:—Jauna, kiratsa botako du, lau egun daramatza eta.

40. Jesusek erantzun zion:—Ez dizut, bada, esan, sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?

41. Kendu zuten, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan zuen: «Eskerrak zuri, Aita, entzun didazulako.

42. Nik badakit beti entzuten didazuna; baina inguruan den jendearengatik diot, zuk bidali nauzula sinets dezaten».

43. Ondoren, ozenki egin zuen deiadar: «Lazaro, zatoz kanpora!»

44. Eta hildakoa hartzulotik irten zen. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapi batez estalirik zituen. Jesusek esan zien: «Aska ezazue eta utzi joaten».

45. Jesusek egina ikusi zutenean, Maria ikustera joandako judu askok sinetsi zuten harengan.

46. Haietariko batzuek, ordea, fariseuengana joan eta Jesusek egin zuena kontatu zieten.

47. Orduan, apaizburu eta fariseuek Biltzar Nagusia bildu zuten, eta esan:—Zer egin? Gizon hau mirarizko seinale asko egiten ari da!

48. Horrela jarraitzen uzten badiogu, guztiek sinetsiko dute berorrengan. Orduan, erromatarrek etorri eta birrindu egingo dituzte bai tenplua, bai herria.

49. Biltzarkideetako batek, urte hartan apaiz nagusi zen Kaifasek, esan zien:—Zuek ez dakizue tutik ere.

50. Ez al zarete konturatzen hobe dela gizon bat herriarengatik hiltzea, herri osoa galtzea baino?

51. Kaifasek ez zuen hori bere kabuz esan, baizik eta, urte hartan apaiz nagusi zenez, Jainkoaren izenean hitz egin zuen, Jesus herriaren alde hilko zela adieraztean;

52. eta ez herriaren alde bakarrik, baita sakabanaturik zeuden Jainkoaren seme-alabak elkartzeko ere.

53. Beraz, ordutik aurrera, Jesus nola hilko pentsatzen hasi ziren;

54. hargatik, Jesus ez zen ibiltzen agerian juduen artean; basamortu ondoko bazter batera alde egin zuen, Efraim izeneko herrira, eta han egon zen bere ikasleekin.

Irakurri kapitulu osoa Joan 11