Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 10:12-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Morroiak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi eta ihes egiten du, ez baita artzaina eta ardiak ere ez baititu bereak. Orduan, otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu.

13. Izan ere, morroiari lansaria zaio axola eta ez ardiak.

14. «Neu naiz artzain ona. Ezagutzen ditut neure ardiak, eta ni ere ezagutzen naute neureek,

15. Aitak ni ezagutzen eta nik ere bera ezagutzen dudan bezalaxe. Nik neure burua ematen dut ardien alde.

16. Baditut artegian ez dauden beste ardi batzuk ere; haiek ere erakarri egin behar ditut; nire ahotsa entzungo dute eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean.

17. «Horregatik maite nau Aitak, neure bizia ematen dudalako eta horrela eskuratzen berriro.

18. Ez dit bizia inork kentzen, baizik eta nik neurez ematen dut. Neure esku dut ematea, eta neure esku berriro hartzea. Hori da neure Aitarengandik hartu dudan agindua».

19. Jesusek esandakoaren aurrean, iritzi kontrajarriak zeuden jendearen artean.

20. Askok honela zioten: «Deabruaren menpe eta burutik egina dago. Zergatik egiten diozue jaramon?»

21. Beste batzuek, berriz: «Hitzok ez dira deabrudun zoroarenak. Ireki ote ditzake deabru batek itsuen begiak?»

22. Negua zen. Jerusalemen tenpluaren sagarapen-jaiak ospatzen ziren,

23. eta Jesus tenpluko Salomonen aterpean zebilen.

24. Orduan, agintariek inguratu eta esan zioten:—Noiz arte eduki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaguzu argi eta garbi.

25. Jesusek erantzun zien:—Esan dizuet, eta ez didazue sinesten. Nik neure Aitaren izenean egiten ditudan egintzek ematen dute nire alde testigantza;

26. zuek, ordea, ez duzue sinesten, nire ardietakoak ez zaretelako.

27. Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute, eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen didate,

28. eta nik betiko bizia ematen diet: ez dira sekula galduko, eta ez dizkit inork ere eskutik kenduko.

29. Eman dizkidan nire Aita denak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork kendu nire Aitaren eskutik.

30. Aita eta biok bat gara.

31. Agintariek berriro harriak hartu zituzten hari jaurtitzeko.

Irakurri kapitulu osoa Joan 10