Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 10:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. «Bene-benetan diotsuet: Artegian atetik barik, beste nonbaitetik sartzen dena lapurra da eta harraparia.

2. Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da.

3. Hari irekitzen dio atezainak, eta haren ahotsa entzuten dute ardiek; ardi bakoitzari bere izenez deitu eta artegitik ateratzen ditu.

4. Bere ardi guztiak atera dituenean, aurretik joaten zaie, eta ardiek atzetik jarraitzen diote, ezaguna baitute haren ahotsa.

5. Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; aitzitik, ihes egingo diote, arrotzaren ahotsa ezaguna ez dutelako».

6. Adibide hau eman zien Jesusek, baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zien.

7. Orduan, honela azaldu zien Jesusek: «Bene-benetan diotsuet: Neu naiz ardientzako atea.

8. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziren eta harrapariak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik egin.

9. Neu naiz atea; ate honetan zehar sartzen dena, onik izango da, eta ez du inolako eragozpenik izango larreak aurkitzeko.

10. Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta hondatzera baizik. Ni, berriz, bizia —eta bizia ugari gainera— izan dezaten etorri naiz.

11. «Neu naiz artzain ona; artzain onak bere burua ematen du ardien alde.

12. Morroiak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi eta ihes egiten du, ez baita artzaina eta ardiak ere ez baititu bereak. Orduan, otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu.

13. Izan ere, morroiari lansaria zaio axola eta ez ardiak.

Irakurri kapitulu osoa Joan 10