Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 9:10-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. izan ere, horiek guztiak janariei, edariei eta zenbait garbikuntza-ohikuneri —hau da, azaleko gauzei— dagozkien legeak besterik ez dira, Jainkoak gauzak aldatuko dituen arte balio dutenak.

11. Kristo, berriz, datozen ondasunen apaiz nagusi bezala agertu da. Bera sartu den etxola lehengoa baino hobea eta bikainagoa da, ez giza eskuz egina, hau da, ez mundu honetakoa.

12. Kristo behin betiko sartu da santutegian, ez aker eta zekorren odola eskainiz, berea baizik, horrela betiko salbamena lortu digularik.

13. Beraz, akerren eta zezenen odolak eta erretako behi baten errautsek, kutsaturik daudenen gain zirtatuz gero, kutsaturiko pertsona horiek sagaratzeko indarra baldin badute azaleko garbitasuna emanez,

14. zenbatez gehiago Kristoren odolak, betiko Espirituaren bitartez akats gabeko oparitzat bere burua Jainkoari eskaini zion harenak, ez du garbituko gure barrua heriotzara daramaten egintzetatik, Jainko biziari kultua emateko gai izan gaitezen!

15. Horregatik, Jesu Kristo itun berri baten bitarteko da, bere heriotzaz antzinako itunaren garaian egindako hutsegiteak barkatu baititu; horrela, agindutako betiko ondarea jaso dezakete Jainkoak deitutakoek.

16. Izan ere, testamentua beteko bada, beharrezkoa da testamentugilea hila izatea,

17. hil ondoren balio baitu testamentuak; testamentugilea bizi den bitartean, ez du indarrik.

18. Horregatik, lehenengo ituna ere ez zen odol-isurketarik gabe egin.

19. Moisesek, legeko agindu guztiak herriaren aurrean irakurri ondoren, zekor eta akerren odola hartu zuen —ur, purpura gorrimin eta isipuaz batera—, eta lege-liburua eta herri osoa zirtatu zituen,

Irakurri kapitulu osoa Hebrearrei 9