Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 7 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Kristo Melkisedeken antzera apaiz (7,1-28)

Melkisedek eta lebitar apaizgoa

1. Melkisedek hau, Salemgo errege eta goi-goiko Jainkoaren apaiza zen. Bidera atera zitzaion Abrahami, erregeak garaitu ondoren itzulbidetik zetorrela, eta bedeinkatu egin zuen.

2. Abrahamek guduan harrapatutako guztiaren hamarrenak eman zizkion orduan. Alde batetik, Melkisedek izenak «Justizi errege» esan nahi du; eta, bestetik, Salemgo errege zen, hau da, «Bake-errege».

3. Liburu Santuan ez da aipatzen haren aitarik, ez amarik, ez jatorririk, ez jaiotzarik, ez heriotzarik; horrela, Jainkoaren Semearen antzera betiko dirau apaiz.

4. Zenbaterainokoa ez ote zen Melkisedek, gure arbaso Abrahamek berak guduan harrapaturiko gauza hoberenen hamarrenak eman baitzizkion!

5. Moisesen legearen arabera, apaizgoa hartzen duten Lebiren ondorengoek herriarengandik jaso behar dituzte hamarrenak, hau da, beren senideengandik, hauek ere Abrahamen jatorrikoak direlarik.

6. Melkisedekek, ordea, jatorri berekoa izan gabe, Abrahamengandik jaso zituen hamarrenak eta, gainera, Jainkoaren agintzariak hartuak zituen Abraham bedeinkatu egin zuen.

7. Eta, jakina, handienak bedeinkatzen du txikiena.

8. Hemen, gure artean, hamarrenak jasotzen dituzten lebitarrak gizon hilkor dira; baina harako Melkisedek hura bizirik dagoela aitortzen dute Liburu Santuek.

9. Eta nolabait esan daiteke, Abrahamen bitartez, orain bere ondorengoen bidez hamarrenak jasotzen dituen Lebik berak eman zizkiola hamarrenak Melkisedeki;

10. izan ere, Abrahamek bere baitan zeraman Lebi, Melkisedek bidera irten zitzaionean.

Lebitar apaizgoa baliorik gabea

11. Lebitar apaizgoa herriari eman zitzaion legearen oinarrian zegoen. Beraz, lebitar apaizgoa Jainkoarekiko harreman betea lortzeko gai izan balitz, ez zen beharrezko izango beste apaiz bat sortzea, ez Aaronen antzera, baizik Melkisedeken antzera apaiz dena.

12. Eta, apaizgoa aldatuz gero, nahitaez aldatzen da legea ere.

13. Hemen adierazten dena, berriz, Jesus gure Jauna alegia, beste leinu batekoa da, inoiz aldare-gizonik izan ez duen leinukoa,

14. aski ezaguna baita Judaren leinutik datorrela gure Jauna, eta Moisesek aipatu ere ez zuen egin leinu hori apaizei buruz hitz egitean.

15. Eta oraindik argiago da hori, baldin beste apaiz bat sortu bada Melkisedeken antzera,

16. hau da, ez giza legeen arabera, desegin ezin den bizi baten indarrari esker baizik.

17. Izan ere, honela dago esana: Betiko zu apaiz, Melkisedeken antzera.

18. Beraz, alde batetik, balio gabe gelditu da aurreko erakundea, ezer gutxitarako balio zuelako eta alferrikakoa zelako

19. —legeak ez baitzuen ezer bere betera eraman—; bestetik, Jainkoarengana hurbiltzen gaituen itxaropen bikainago bati ematen zaio hasiera.

Kristo benetako eta betiko apaiz

20. Hau guztia ez zen zinik gabe gertatu. Lebiren ondorengoak bai, zinik gabe izan ziren apaiz izendatuak;

21. Jesus, ordea, zin eginez izendatu zuen Jainkoak, hartaz esaten denez: Zin egina du Jaunak eta ez zaio damutuko: «Betiko zara zu apaiz».

22. Horrela, itun bikainagoaren bermatzaile da Jesus.

23. Gainera, apaiz lebitarrak asko ziren, ezin baitzuten iraun, hil egiten zirelako;

24. Jesusek, ordea, beti irauten duenez, inoiz amaituko ez den apaizgoa du.

25. Horregatik, salbamen betea eman diezaieke beraren bidez Jainkoarengana hurbiltzen direnei, bizirik baitago beti haien alde erregutzeko.

26. Benetan, Jesus bezalako apaiz nagusia behar genuen guk: santu, errugabe eta kutsugabea, bekatariengandik bereizia eta zeruak baino gorago jasoa;

27. honek ez du, beste apaiz nagusiek bezala, lehenengo bere bekatuengatik eta gero herriarenengatik egunero opariak eskaini beharrik, behin betiko egin baitzuen hori, bere burua opari eskaini zuenean.

28. Legeak, izan ere, gizon ahulak izendatzen ditu apaiz nagusi; baina legea baino geroago etorri zen Jainkoaren zin-hitzak Semea izendatzen du apaiz nagusi, betidanik bete-beteko dena.