Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 4:1-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Beraz, Jainkoaren atsedenean sartzeko agintzaria indarrean dagoen bitartean, kontuz ibili behar dugu, zuetakoren bat sartu gabe geldi ez dadin.

2. Guri ere berri ona eman zaigu gure arbasoei bezala; baina hauei ez zien ezertarako balio izan mezua entzuteak, entzun sinetsi gabe entzun zuten eta.

3. Gu, ordea, sinesten badugu, sar gaitezke Jainkoaren atsedenean; honetaz esan zuen Jainkoak: Orduan, zin egin nuen haserre: «Ez, ez dira sartuko atsedenerako eman nien lurraldera».Egia esan, mundua eginez gero, bukatuak zituen Jainkoak bere lanak;

4. honela esaten baita Liburu Santuan zazpigarren egunaz: Zazpigarren egunean atseden hartu zuen Jainkoak berak eginiko lan guztitik.

5. Baina aipatu dugun pasartean, Ez dira nire atsedenean sartuko esan zaigu.

6. Horrela bada, batetik, atseden horretan batzuk sartzekoak direlako eta, bestetik, berri ona lehendabizi hartu zutenak beren desobedientziagatik sartu ez zirelako,

7. beste egun bat, gaur bat, jarri du Jainkoak, askoz geroago Daviden bitartez lehen aipaturiko hitzok esanez: Gaur Jaunaren mintzoa entzuten baduzue, ez gogortu bihotzak.

8. Josuek israeldarrei atsedena eman izan balie, Jainkoak ez zukeen beste geroagoko egun batez hitz egingo.

9. Bada, beraz, oraindik beste atseden-egun bat Jainkoaren herriarentzat.

10. Eta Jainkoaren atsedenean sartzen denak bere lanetik atseden hartzen du, Jainkoak ere bere lanetik atseden hartu zuen bezala.

11. Saia gaitezen, bada, atseden horretan sartzen, eta ez dadila inor sinesgogorkerian eror, gure aurrekoen etsenpluari jarraituz.

12. Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eragin handikoa, aho biko ezpata bera baino sarkorragoa: gogo eta espirituaren sakon-sakoneraino sartzen da, pertsonaren zokorik ezkutueneraino, eta barneko pentsamendu eta asmo guztiak miatzen ditu.

13. Ez da harentzat munduan ezer gorderik; dena dago agerian eta zabalik, kontuak eman beharko dizkiogun harentzat.

14. Beraz, gure apaiz nagusi handia, Jesus Jainkoaren Semea, zeruan sartua dugunez gero, euts diezaiogun sendo aitortzen dugun fedeari.

15. Izan ere, gure apaiz nagusia ez da gure ahuleriaz gupidatu ez daitekeen norbait, zeren eta bera ere, gu bezala, gauza guztietan probatua izan baita, bekatuan izan ezik.

16. Hurbil gaitezen, bada, konfiantza osoz Jainkoaren onginahiaren tronura, errukia iritsi eta premialdian laguntza izan dezagun.

Irakurri kapitulu osoa Hebrearrei 4