Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 13:5-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Ez izan diru-gose; egon pozik duzuenarekin, Jainkoak esana baitu: Ez zaitut utziko, ez baztertuko.

6. Beraz, uste osoz esan dezakegu: Jauna dut neure alde, ez naiz beldur: zer egin dezake nire kontra gizakiak?

7. Oroit zaitezte Jainkoaren hitza hots egin zizueten zeuen zuzendariez, eta jarraitu berorien fedeari, nola bizi eta nola hil diren kontuan hartuz.

8. Jesu Kristo bat bera da atzo, gaur eta beti.

9. Ez zaitzatela edozein eratako doktrina arrotzek lilura. Garrantzizkoena Jainkoaren dohainaz barrutik sendotzea da, eta ez janariei buruzko arauez arduratzea, hauek ez baitiete ezer onik ekarri bete dituztenei.

10. Guk badugu aldare bat, eta santutegi zaharraren zerbitzura daudenek ezin dute horretan eskaintzen den oparian parte hartu.

11. Izan ere, juduen apaiz nagusiak santutegi barrura eramaten du barkamen-oparitzat eskainitako abereen odola; baina abere horien gorputzak kanpalekutik kanpora erretzen dira.

12. Horregatik, Jesusek ere, bere odolaz herria sagaratzeko, hiritik kanpora jasan zuen heriotza.

13. Goazen, bada, gu ere Jesusengana, kanpalekutik kanpora, haren desohorea bera eramanez,

14. mundu honetan ez baitaukagu hiri iraunkorrik, baizik eta geroko hiriaren bila gabiltza.

15. Beraz, Jesusen bidez eskain diezaiogun Jainkoari oparitzat etengabeko gorespena, geure ezpainez beraren izena aitortuz.

16. Ez ahaztu on egiteaz eta elkarri laguntzeaz, horrelako opariak baititu Jainkoak atsegin.

17. Egin zeuen zuzendarien esanak eta izan horien menpeko, zuetaz arduratzen baitira eta zuen kontu eman beharko baitiote Jainkoari; horrela, beren egitekoa atseginez bete ahal izango dute eta ez marmarka; honek ez lizueke inolako onik ekarriko.

18. Egizue otoitz guregatik. Gure ustez, garbi daukagu kontzientzia, gauza guztietan zintzo jokatu nahian baikabiltza.

Irakurri kapitulu osoa Hebrearrei 13