Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 11:9-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Fedea zuelako, bere herria utzi eta atzerritar gisa bizi izan zen Jainkoak agindutako lurraldean; oihal-etxolatan bizi izan zen, Jainkoaren agintzari bera hartu zuten Isaak eta Jakob biziko ziren bezalaxe;

10. eta hori, zimendu sendoko hiria, arkitekto eta egile Jainkoa bera duen hiria, itxaron zuelako.

11. Fedeari esker hartu zuen ondorengoa ekartzeko indarra, beraren emazte Sara agorra izan eta berak sasoia joana zuen arren, hitzeman ziona fidagarria zela sinetsi baitzuen.

12. Eta, horrela, gizon bakarrarengandik, eta berau ere ia azkenetan zegoela, zeruko izarrak bezain ugari eta itsasertzeko hondarrak bezain kontaezin ondorengo sortu zen.

13. Horiek guztiak Jainkoak hitzemandako ondasunak eskuratu gabe hil ziren; baina fedearen argitan urrutira ikusi eta agurtu egin zituzten, horrela lur honetan arrotz eta atzerritar zirela aitortuz.

14. Izan ere, horrela hitz egiten dutenek garbi adierazten dute aberriaren bila dabiltzala.

15. Utzi zuten lurraldea izan balute gogoan, bazuten egokiera hara itzultzeko.

16. Baina lur hobea zuten irrika, zerukoa alegia. Horregatik, Jainkoa ez da lotsatzen «haien Jainko» deitua izateaz, hiri bat ere prestatu baitie.

17. Fedeari esker eskaini zuen Abrahamek Isaak, Jainkoak probatu zuenean. Bera, agintzaria hartu zuena, prest zegoen seme bakarra eskaintzeko,

18. nahiz eta seme berorri buruz esana izan Jainkoak: Isaaken bidez izango dituzu ondorengoak.

19. Abrahamek uste zuen Jainkoa gauza dela hilak pizteko ere; horrela, semea berreskuratzea Jainkoaren ahalmen horren ezaugarri gertatu zitzaion.

20. Fedeari esker, Isaakek etorkizunerako bedeinkazioa eman zien Jakobi eta Esauri.

21. Fedeari esker, Jakobek Joseren semeetako bakoitza bedeinkatu zuen hiltzerakoan, eta Jainkoa gurtu zuen, bere makila-buruan ezarrita.

Irakurri kapitulu osoa Hebrearrei 11