Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 11:28-40 Elizen Arteko Biblia (EAB)

28. Fedeari esker ospatu zuen Moisesek Pazkoa eta igurtzi zituen odolaz israeldarren etxeetako ateak, suntsitzaileak haien lehen-semeak uki ez zitzan.

29. Fedeari esker igaro zuten israeldarrek Itsaso Gorria lur lehorra bailitzan, egiptoarrak, beste horrenbeste egiten saiatu zirenean, hondora joan ziren bitartean.

30. Fedeari esker erori ziren Jerikoko harresiak, zazpi egunez hiria inguratu ondoren.

31. Fedeari esker ez zen hondatu Rahab emagaldua sinesgabeekin batera, israeldar ikertzaileei harrera ona egin zielako.

32. Zertan jarraitu hitz egiten? Ez nuke denborarik aski Gedeon, Barak, Samson, Jefte, David, Samuel eta profeten gertakariak esaten hasiko banintz.

33. Fedeari esker, erreinuak menderatu zituzten, justizia egin, Jainkoak agindua eskuratu, lehoien ahoak itxi,

34. su kartsuak itzali, ezpataz hilak izatetik ihes egin, gaixotasunetatik sendatu, borrokan bulartsu izan eta atzerritarren gudarosteei atzera eragin.

35. Eta zenbait emakumek, pizturik berreskuratu zituen bere hildakoak.Beste batzuk, berriz, torturapean hil ziren, handik libratzeari uko eginez, bizitza bikainagora pizteko itxaropenagatik;

36. beste batzuek isekak eta zigorrak, kateak eta kartzelak jasan zituzten;

37. harrikatu egin zituzten, zerraz ebaki, ezpataz hil; noraezean ibili ziren, ahuntz- nahiz ardi-larruz jantzirik, premia gorrian, erasopean eta tratu txarrak hartuz.

38. Munduak merezi baino hobeak ziren, eta noraezean ibili ziren basamortuetan, mendietan eta lurreko harpe eta koba-zuloetan.

39. Baina hauek, beren fedearengatik Jainkoak onetsi zituen arren, ez zuten eskuratu Jainkoak agindutakoa;

40. izan ere, Jainkoak zerbait hobea prestatu zuen guretzat, eta ez zuen nahi izan haiek helmugara gu gabe iristerik.

Irakurri kapitulu osoa Hebrearrei 11