Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6

Itun Zaharra

Itun Berria

Galaziarrei 5 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Libre izateko askatu gaitu Kristok. Iraun ezazue, beraz, sendo eta ez makurtu berriro esklabotzaren uztarpera.

Eutsi tinko askatasunari

2. Hara zer esaten dizuedan nik, Paulok: Erdaintzen bazarete, Kristok ez dizue ezertarako balio izango.

3. Berriro ere zinez diotsuet erdaintzen den oro lege osoa betetzera behartua dagoela.

4. Moisesen legearen bidetik salbamena lortu nahi duzuenok, Kristorengandik bereizi egin zarete eta Jainkoaren onginahitik saihestu.

5. Gu, berriz, Jainkoak, Espirituaren egitez eta sinesmenari esker, salbamena emango digun itxaropenez bizi gara.

6. Izan ere, Jesu Kristorenak garenontzat, erdaindua izateak edo ez izateak ez du ezer balio; balio duena maitasun-egintzetan agertzen den sinesmena da.

7. Ongi ari zineten lasterketan. Nork jarri zizuen oztopoa bidean, egiari ez jarraitzeko?

8. Deitzen zaituzten Jainkoak behintzat ez dizue horretara eragin.

9. Hartu gogoan legamia pixka batek ore guztia altxatzen duela.

10. Hala ere, zuei dagokizuenez, badut konfiantza Jaunak iritzi bereko egingo zaituztela gai honetan; baina zuek nahasten zaituenak, edozein dela ere, izango du bere zigorra.

11. Niri dagokidanez, senideok, egia balitz erdainkuntza gomendatzen jarraitzen dudala, juduek ez ninduketen pertsegituko. Baina, orduan, deuseztatua legoke Kristoren gurutzearen eskandalua!

12. Hobe zuek nahasten ari diren horiek erabat irenduko balira!

Kristau-askatasuna elkar maitasunerako

13. Zuek, senideok, askatasunera deitu zintuzten Jainkoak; baina askatasun hori ez bekizue aitzakia izan grina txarren arabera bizitzeko; bestela baizik, maitasunak egin zaitzatela elkarren zerbitzari.

14. Zeren lege osoa betetzen baita, agindu bakar hau betez gero: Maitatulagun hurkoa zeure burua bezala.

15. Baina elkarri hozka eta elkar irentsi beharrean bazabiltzate, azkenik elkar suntsituko duzue.

Bizi Espirituaren arabera

16. Beraz, hauxe diotsuet: Bizi zaitezte Espirituari dagokionez, eta ez giza grinei jarraituz.

17. Giza grinak Espirituaren aurkakoak dira eta Espiritua giza grinen aurkakoa. Bi indar horiek elkarren aurkakoak dira; horrela, ez duzue nahi zenuketena egiten.

18. Espirituak gidatzen bazaituzte, ordea, ez zaudete legearen menpe.

19. Giza grinetatik sortzen diren egintzak ezagunak dira: lizunkeria, zikinkeria, jokaera biziotsua,

20. idolatria, sorginkeria, etsaigoak, haserreak, bekaizkeria, gorrotoak, norgehiagokeria, alderdikeria, zatiketak,

21. ikusezina, hordikeria, sabelkeria eta horrelakoak. Eta lehen esan nizuena diotsuet berriro ere: Horrela jokatzen dutenek ez dute Jainkoaren erreinua ondare jasoko.

22. Espirituaren fruitua, berriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna,

23. otzantasuna, bere buruaren jabe izatea. Ez da legerik horrelakoak gaitzetsiko dituenik.

24. Eta Jesu Kristorenak direnek gurutzean hilarazi dute bekatuzko beren giza izaera beronen gurari eta grinekin.

Elkarri lagundu

25. Bizia Espirituak ematen badigu, jokatu ere joka dezagun Espirituaren arabera.

26. Ez gaitezela izan harroxko, elkarren lehian eta elkarren inbidian ibiliz.