Itun Zaharra

Itun Berria

Galaziarrei 3:12-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Legearen bideak, ordea, ez du zerikusirik sinesmenaren bidearekin; Liburu Santuak dio: Haren aginduakbetetzen dituena, berauen bidez biziko da.

13. Kristok legearen madarikaziotik askatu gaitu, bere burua guregatik madarikazio eginez, Liburu Santuak dioen bezala: Madarikatua habetik zintzilik dagoena.

14. Abrahamen bedeinkazioa Jesu Kristoren bidez jentilengana hel dadin eta Jainkoak agindutako Espiritua sinesmenaren bidez har dezagun gertatu da hori.

15. Senideok, giza adibidez baliatuz mintzatuko natzaizue: giza mailako zerbait izan arren, behar bezala eginiko testamentua ezin du inork indargabetu, ezta berari ezer erantsi ere.

16. Horra, bada: Jainkoak agintzariak Abrahami eta beronen ondorengotzari egin zizkien. Ez da «ondorengoei» esaten, asko balira bezala, «zure ondorengotzari» baizik, bakar bati buruz ari delarik, hau da, Kristori buruz.

17. Hau esan nahi dut: Jainkoak behar bezala egindako ituna ezin zuen indargabetu laurehun eta hogeita hamar urte geroago agerturiko lege batek, agintzaria indarrik gabe utziz.

18. Jainkoak emango digun ondarea legearen esku balego, ez legoke agintzariaren esku; Jainkoak, ordea, dohainik eman zion Abrahami ondarea agintzariaren bidez.

19. Zertarako da, beraz, legea? Huts egiteak salatzeko erantsia izan zen, harik eta agintzaria egin zitzaion ondorengoa etorri arte: legea aingeruek aldarrikatu zuten Moisesen bitartez.

20. Bitarteko hau, ordea, ez da bakar baten izenean ari, eta Jainkoa bat bakarra da.

21. Legea Jainkoaren agintzarien aurkakoa ote da, beraz? Ez, noski! Bizia ekartzeko gai den legea eman izan balitz, salbamena legetik zetorkeen benetan.

22. Baina Liburu Santuak dioenez, dena bekatupean gatibu dago, horrela, Jesu Kristogan sinesten dutenek sinesmenari esker har dezaten Jainkoak agindutakoa.

23. Sinesmenaren garaia heldu baino lehen, legepean gatibu geunden, sinesmena noiz agertuko zain.

24. Hala, legea zaintzaile izan genuen, Kristorengana bideratzeko, beronengan sinetsiz salbamena lor genezan.

25. Sinesmenaren garaia helduz gero, ordea, ez gaude gehiago zaintzailearen menpe.

26. Guztiok Jainkoaren seme-alaba zarete, Jesu Kristogan duzuen sinesmenari esker.

27. Izan ere, bataioaz Kristorekin lotuak izan zareten guztiok, soinekoz bezala Kristoz jantziak zaudete.

28. Ez da jadanik bereizketarik juduaren eta judu ez denaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoaren eta emakumezkoaren artean, zuek guztiok bat baitzarete Kristo Jesusengan.

29. Eta Kristorenak baldin bazarete, Abrahamen ondorengo zarete, Jainkoaren agintzariaren oinordeko.

Irakurri kapitulu osoa Galaziarrei 3