Itun Zaharra

Itun Berria

Filipoarrei 4:8-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Gainerakoan, senideok, hartzazue aintzat egiazko, gizabidetsu, zuzen, garbi, maitagarri eta goresgarri, bertutetsu eta onargarri den guztia.

9. Egizue niregandik ikasi, hartu eta entzun zenutena eta niregan ikusia. Eta bakea ematen digun Jainkoa zeuekin izanen duzue.

10. Poz handia hartu dut kristau bezala, nireganako duzuen ardura nabarmen agertu delako; bazenuten lehendik ere, baina agertzeko aukerarik ez.

11. Ez diot hau ezeren beharrean nagoelako, ni neu edozein egoeratan neurez moldatzen ikasia bainago;

12. badakit eskasian nahiz ugaritasunean bizitzen. Edozein egoeratan zaildua eta edozertara jarria nago: aserik nahiz goseak egotera, ugari edukitzera nahiz beharrizanera.

13. Dena dezaket indartzen nauen Kristorengan.

14. Hala ere, ederki egin zenuten nire atsekabean zeuen solidaritatea agertzean.

15. Badakizue gainera zuek, filipoarrok, berri ona zabaltzen hasi berrian Mazedoniatik atera nintzenean, eliz elkarte bat ere ez zela nire gastuen kargu egin, zuek izan ezik;

16. Tesalonikan nintzelarik ere bidali zenidaten behin eta birritan nire premietarako behar nuena.

17. Ez uste izan neuretzako mesede bila nabilenik; zuen aldeko kontua handitzea nahi dut.

18. Hartu dut, bada, dena, eta sobera daukat; oso ongi hornitua nago, Epafroditoren eskuz bidali didazuena hartu ondoren. Jainkoak atseginez onartzen duen oparia da zuen emaitza.

Irakurri kapitulu osoa Filipoarrei 4