Itun Zaharra

Itun Berria

Filipoarrei 1:17-30 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. besteek, berriz, nire aurkako lehian predikatzen dute Kristo; ez dira asmo garbiz ari, nire kate hauek astunago egin nahian baizik.

18. Baina niri zer? Edonola ere, itxurakeriaz nahiz egiaz, Kristo predikatzen dute, eta honek pozten nau. Eta are gehiago poztuko naiz,

19. ondo baitakit, zuen otoitzari esker eta Jesu Kristoren Espirituaren laguntzaz, bizi dudan egoera hau salbamenerako gertatuko zaidala:

20. itxaropen sutsua dut ez didala usteak huts egingo eta ziur nago beti bezala orain ere, bizi nadila ala hil, Kristok bere handitasuna agertuko duela niregan.

21. Izan ere, niretzat bizitzea Kristo da eta hiltzea irabazpide.

22. Baina bizitzen jarraituz lan onuragarria egin ahal baneza, ez nuke jakingo zer hautatu.

23. Alde bietatik nago erakarria: alde batetik, hil egin nahi nuke, Kristorekin egoteko, hau askogatik onena delarik;

24. baina bestetik, nik bizitzen jarraitzea beharrezkoagoa da zuentzat.

25. Eta honetaz ziur nagoelarik, badakit gelditu egingo naizela eta zuekin guztiokin jarraituko oraindik, zuen sinesmenaren aurrerapen eta pozerako.

26. Horrela, zuek ikustera berriro joatean, Kristo Jesusenak izateaz duzuen harrotasuna areagotu egingo da niri esker.

27. Hauxe besterik ez dizuet eskatzen: zuen jokabidea Kristoren berri onari dagokiona izan dadila. Ni zuek ikustera joan ala ez, gauza bera entzun nahi nuke zuetaz: gogo berean sendo zaudetela eta, elkarrekin bat eginik, berri onarekiko leialtasunaren alde borrokan ari zaretela,

28. etsaien aurrean ezertan beldurtu gabe; zuen kemen hori hondamen-bidean daudenaren seinale izango da etsaientzat; zuentzat, ordea, salbamenaren seinale. Hala erabaki du Jainkoak.

29. Izan ere, dohain hau eman dizue Jainkoak: Kristorengan sinestea ez ezik, harengatik sufritzea ere bai,

30. niregan ikusi zenuten eta orain entzuten duzuen borroka berbera egiten duzuelarik.

Irakurri kapitulu osoa Filipoarrei 1