Itun Zaharra

Itun Berria

Filemoni 1:7-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Poz eta adorez bete nau zure maitasunak, ene anaia, barru-barruraino bizkortu baititu fededunak.

8. Horregatik, egin behar duzuna agintzeko Kristorengandiko askatasun osoa dudan arren,

9. nahiago dut maitasunaren izenean eskatu; nik, Paulok, jadanik zahartua eta orain, gainera, Kristo Jesusengatik kartzelan nagoen honek,

10. mesede bat eskatu nahi dizut kartzelan sortu dudan nire seme Onesimorentzat.

11. Hau, lehen, ez zenuen on ezertarako; orain, ordea, on bihurtu da, bai zuretzat eta bai niretzat.

12. Berriro bidaltzen dizut bera, ene bihotz-bihotzeko dudan hau.

13. Neurekin eduki nahi nuen, zure ordez zerbitzari izan nezan, berri ona hots egiteagatik kartzelan nagoelarik.

14. Hala ere, ez dut zure baimenik gabe ezer egin nahi izan, mesede hori gogoz egin dezazun eta ez behartuta.

15. Agian, horretarako alde egin zizun apur batez, gero betiko har zenezan,

16. eta ez esklabo bezala, esklabo baino zerbait gehiago, anaia maite bezala baizik. Maite-maitea da niretzat, eta zenbatez maiteago ez ote da izango zuretzat, bai gizon eta bai fededun den aldetik!

17. Beraz, fedean adiskide banauzu, hartzazu Onesimo nerau bezala.

18. Eta zerbait gaizki egina badizu edota zerbait zor, utzi hori nire gain.

19. Neure eskuz sinatzen dizut ordain-agiria: Paulok; eta ez dizut aipatu nahi zuk zeure burua bera zor didazula.

20. Bai, ene anaia, kristau zarenez, egidazu mesede hori; arindu nire bihotza Kristoren maitasunagatik.

21. Esaneko zaitudalakoan idazten dizut, eta esaten dizudana baino gehiago egingo duzula jakinik.

22. Presta iezadazu ostatua ere, zuen otoitzei esker zuengana bihurtuko naizen itxaropena baitut.

Irakurri kapitulu osoa Filemoni 1