Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

ISRAELDARREN SALBAMENA (9,1—11,36)

Israeldarrak Jainkoaren herri hautatua

1. Egia diot —Kristo dut lekuko—, ez diot gezurrik; neure kontzientziak ere, Espiritu Santuak argiturik, hala aitortzen dit:

2. handia da nire nahigabea, etengabea nire bihotzaren mina.

3. Ni neu madarikatua izatea —Kristorengandik aldendua izatea— ere onartuko nuke, baldin eta hori nire odoleko senideen onerako balitz.

4. Israelen ondorengo dira eta Jainkoak seme-alabatzat hartu zituen; beraiek dituzte Jainkoaren presentzia aintzatsua, itunak, legea, kultua eta agintzariak;

5. beraienak dira arbasoak eta, giza jatorriari dagokionez, beraiengandik dator Kristo, gauza guztien gainetik dagoen Jainkoa. Bedeinkatua izan bedi menderen mendetan! Amen.

6. Ez du, ez, huts egin Jainkoaren hitzak. Gertatzen dena da Israelen jatorriko guztiak ez direla benetako Israel herri,

7. ezta Abrahamen jatorriko guztiak ere Abrahamen benetako seme-alaba. Jainkoak esan zion Abrahami: Isaaken bidez izango dituzu ondorengoak.

8. Honek esan nahi du, ez duela giza sortzeak Jainkoaren benetako seme-alaba egiten, baizik eta Jainkoaren agintzariaren arabera sortuak direla Abrahamen benetako ondorengoak.

9. Izan ere, hona hemen egindako agintzaria: Urtebete barru itzuliko natzaizu, eta ordurako Sarak semea izango du.

10. Are gehiago, Rebekak bikiak izan zituen Isaak gure arbasoagandik.

11-13. Eta seme haiek jaio aurretik, artean ez onik, ez gaitzik egiteko gai ez zirela, Jainkoak esan zion Rebekari: Zaharrena gazteenaren morroi izango da, edo beste pasarte batek dioen bezala, Jakob izan nuen maite, eta ez Esau .Eta hori guztia, Jainkoak aukeratzeko duen askatasuna berresteko eta Jainkoak, aukera egiterakoan, giza jokabidea ez, baizik eta bere dei hutsa hartzen duela kontuan adierazteko izan zen.

14. Eta zer esan guk? Jainkoa ez dela zuzena? Ezta inola ere,

15. berak esana baitio Moisesi: Nik mesede egin nahi diodanari egiten diot mesede, eta gupida izan nahi diodanari izaten gupida.

16. Arazoaren gorabehera ez dago norberak nahi izatean edota norbera saiatzean, Jainkoak errukia izatean baizik.

17. Honela esaten dio Jainkoak faraoiari Liburu Santuan: Honetarako utzi zaitut bizirik: nire ahalmena erakusteko eta mundu osoak nor naizen jakin dezan.

18. Beraz, Jainkoak nahi duenari dio erruki eta nahi duena uzten du bihotz-gogortzen.

Jainkoa eskuzabal israeldarrekin

19. Baina esango didazu: «Zergatik haserretzen da, hortaz, Jainkoa, inork ere ezin badio beraren nahiari aurre egin?»

20. Baina nor zara zu, gizagaixo hori, Jainkoari kontuak eskatzeko? Buztinezko ontziak esango ote dio buztinlariari: «Zergatik egin nauzu honelakoa?»

21. Buztina ez ote dago buztinlariaren esku, honek lur beretik ontzi baliotsuak nahiz ontzi arruntak egiteko?

22. Jainkoak bere haserrea erakutsi eta indarra azal zezakeen, nahi izanez gero, baina eroapen handiz jasan zituen zigorra merezi zutenak eta hondatuak izateko zeudenak.

23. Horrela erakutsi nahi izan zuen zein eskuzabal zen errukiz hartu zituenekin, bere aintza azaltzeko aukeratu zituenekin.

24. Hauen artean gaude gu ere, Jainkoak juduen artetik ez ezik, jentilen artetik ere deituok.

25. Hori da Oseasen liburuan esaten dena: «Ez-nire-herria»ri «Zu-nire-herria» esango diot; eta «Ez-maitea»ri «Maitea» .

26. Eta, «Zuek ez zarete nire herria» esan beharrean, «Jainko biziaren seme-alaba» deituko ditu Jainkoak.

27. Isaiasek, berriz, hau dio Israeli buruz: Israeldarrak itsasoko hondarrak bezain ugariak izango balira ere, bakar batzuk besterik ez dira salbatuko.

28. Beteko du erabakia Jaunak, oso-osorik eta luzapenik gabe bete ere lurrean.

29. Baina Isaiasek beste hau ere esan zuen aurrez: Jaun ahalguztidunak gutariko batzuk bizirik utzi ez balitu, Sodomaren eta Gomorraren azkena izango genukeen guk ere.

Israeldarren jokaera

30. Eta zer dugu honen ondorio? Jentilek, Jainkoaren onespena bilatzen saiatu gabe, Jainkoaren onespena iritsi zutela, fedeaz iristen den onespena, alegia.

31. Israelek, berriz, Jainkoaren onespena emango zion legea betetzen saiatu arren, ez zuen helburua iritsi.

32. Eta hori zergatik? Fedean oinarritu beharrean, egintzetan oinarritu zirelako. Horrela, behaztopa-harrian egin zuten estropezu,

33. Liburu Santuak dioen bezala: Hona nik Sionen behaztopa-harria ipini, erorarazteko harkaitza. Baina harengan sinesten duenak ez du huts egingo. # Hona… Is 281 P 2