Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 8:14-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Jainkoaren Espirituak gidatzen dituenak Jainkoaren seme-alaba dira.

15. Zuek ez duzue hartu esklabo egingo zaituzten espiritua, berriro beldurpean bizitzera eramango zaituena, alegia; zuek, seme-alaba egiten zaituzten Espiritua hartu duzue, eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!», esanez hots egiten diozue Jainkoari.

16. Espiritu berberak barrutik aitortzen digu Jainkoaren seme-alaba garela;

17. eta, seme-alaba bagara, baita oinordeko ere, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; zeren, nekeetan Kristoren kideko garenez gero, aintzan ere beraren kideko izango baikara.

18. Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gutxi dira gero guregan azalduko den aintzaren aldean.

19. Izadia bera ere irrikaz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko zer den beraren seme-alaba izatea.

20. Izadiak, bere benetako helburua galdua izan arren —ez bere gogoz, horretara behartu zuenarengatik baizik—, badu itxaropena

21. esklabotza eta hondamenditik askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko.

22. Badakigu, izan ere, izadi osoa erdiminetan intzirika dagoela orain arte.

23. Eta hura ez ezik, geu ere bai: Espiritua lehen-dohaintzat hartu dugunok intzirika gaude geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituen zain.

24. Salbatuak gaude, bai, baina itxaropenetan bakarrik. Eta itxaro duguna begien aurrean bagenu, hori ez litzateke itxaropena izango, inork ez baitu itxaroten begien aurrean duena.

25. Baina ikusten ez duguna itxaro badugu, iraupenez behar dugu zain egon.

26. Era berean, Espiritua datorkigu geure ahulezian lagun, guk ez baitakigu behar bezala otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen du gure alde esanezin ahalako intziriz.

27. Eta bihotzak aztertzen dituen Jainkoak ezagutzen du zein den Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen baitu fededunen alde.

28. Badakigu Jainkoak bera maite dutenen onerako bideratzen dituela gauza guztiak, bere aurre-erabakiz deitu dituenen onerako, alegia.

29. Aurrez ezagutu zituenak, aukeratu ere egin zituen Jainkoak, bere Semearen irudiko izan zitezen, eta, horrela, Semea senide askoren artean lehen-seme izan zedin.

30. Aurrez aukeratu zituenak, deitu ere egin zituen; deituak, berriz, zuzentzat onartu zituen, eta zuzentzat onartuak aintzaz bete.

31. Horiek horrela, zer esango dugu? Jainkoa gure alde baldin badugu, nor gure aurka?

32. Bere Semea bera ukatu ez zigunak, baizik eta gu guztion alde heriotzara eman zuenak, nola ez dizkigu harekin batera gauza guztiak dohain emango?

33. Nork salatuko ditu Jainkoak aukeratuak, Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu?

Irakurri kapitulu osoa Erromatarrei 8