Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 8:11-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Jesus hildakoen artetik piztu zuen Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hildakoen artetik piztu zuenak berak biziaraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez.

12. Zorretan gaude, beraz, senideok, baina ez giza grinekin, haien arabera bizitzeko.

13. Horrela bizitzen bazarete, hil egingo zarete; baina Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badiezue, bizi egingo zarete.

14. Jainkoaren Espirituak gidatzen dituenak Jainkoaren seme-alaba dira.

15. Zuek ez duzue hartu esklabo egingo zaituzten espiritua, berriro beldurpean bizitzera eramango zaituena, alegia; zuek, seme-alaba egiten zaituzten Espiritua hartu duzue, eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!», esanez hots egiten diozue Jainkoari.

16. Espiritu berberak barrutik aitortzen digu Jainkoaren seme-alaba garela;

17. eta, seme-alaba bagara, baita oinordeko ere, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; zeren, nekeetan Kristoren kideko garenez gero, aintzan ere beraren kideko izango baikara.

18. Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gutxi dira gero guregan azalduko den aintzaren aldean.

19. Izadia bera ere irrikaz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko zer den beraren seme-alaba izatea.

20. Izadiak, bere benetako helburua galdua izan arren —ez bere gogoz, horretara behartu zuenarengatik baizik—, badu itxaropena

21. esklabotza eta hondamenditik askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko.

22. Badakigu, izan ere, izadi osoa erdiminetan intzirika dagoela orain arte.

Irakurri kapitulu osoa Erromatarrei 8