Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 15:14-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Senideok, neure aldetik, ziur dakit zuek onginahiz beterik eta jakite guztiz horniturik zaudetena, eta elkarri argi egiteko gai zaretena.

15. Hala ere, ausardia handi samarrez idatzi dizuet han edo hemen, zenbait gauza gogorarazteko. Jainkoarengandik hartu dudan dohainak ematen dit horretarako bide,

16. Jesu Kristoren zerbitzari egin bainau jentilentzat. Apaiz batek bezala betetzen dut Jainkoaren berri ona adierazteko eginkizuna; horrela, jentilak, Espiritu Santuak sagaraturik, Jainkoarentzat opari atsegingarri izan daitezen.

17. Jainkoaren zerbitzuari dagokionean, Kristorengan jartzen dut harrotzeko neure bidea;

18. horregatik, hau bakarrik aipatzera ausartuko nintzateke: Jesu Kristok nire bidez ekarri dituela jentilak fedea onartzera, hitzez eta egitez,

19. mirari eta egintza harrigarrien indarrez, Espirituaren ahalmenez. Horrela, Jerusalemdik hasi eta inguru guztietan barrena Iliriaraino, Kristoren berri onaren zabalkuntza burutua utzi dut.

20. Hauxe zen niretzat garrantzizkoena: Kristoren izena entzuna ere ez zen tokietan berri ona zabaltzea. Ez nuen nahi bestek ipinitako oinarrien gainean eraiki,

21. Liburu Santuak dioenaren arabera baizik: Haren berri ez zutenek dute ikusiko, eta inoiz hartaz entzun ez zutenek ulertuko.

22. Horrexegatik gelditu behar izan dut behin baino gehiagotan zuengana joan gabe.

23. Orain, ordea, inguru hauetan nuen lana bukatu dut eta, aspaldiko urte hauetan zuek ikusi nahian bainago,

24. Espainiara bidean hortik igarotzean, ikusiko zaituztedan itxaropena dut; eta bidaiari jarraitzeko lagunduko didazuen itxaropena ere bai. Baina lehenago, zuekin egonaldi bat pozik egingo nuke.

25. Jerusalemera noa orain, hango fededunei diru-laguntza eramatera.

26. Izan ere, Mazedoniakoek eta Akaiakoek diru-bilketa egiteko borondatea izan dute, Jerusalemen diren senide behartsuei laguntzeko.

Irakurri kapitulu osoa Erromatarrei 15