Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 15:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Fede heldua dugunok fede heldugabekoen ahuleziak eraman behar ditugu, geuri atsegin zaiguna bilatu gabe.

2. Saia gaitezen guztiok lagun hurkoari atsegin ematen, ona eta fedean hazteko lagungarri zaiona bilatuz.

3. Kristok ere ez zuen bere atsegina bilatu, baizik eta Liburu Santuak dioen hau bete zen harengan: Zure kontrako irainak datozkit gainera.

4. Liburu Santuetan idatzia dagoen guztia gure ikasbiderako dago idatzia, geure eroapenaz eta Liburu Santuek ematen duten adoreaz itxaropenari euts diezaiogun.

5. Eroapenaren eta adorearen iturri den Jainkoak eman diezazuela elkar ongi hartzea, Jesu Kristok nahi bezala.

6. Horrela, bihotz batez eta aho batez goretsiko duzue Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.

7. Beraz, egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala, Jainkoaren aintzarako.

8. Izan ere, Kristo juduen zerbitzari egin zen, Jainkoak arbasoei eginiko agintzariak betetzeko eta, horrela, Jainkoaren leialtasuna agertzeko;

9. eta jentilen zerbitzari ere egin zen, bere errukiagatik Jainkoa gorets zezaten. Hau dio, hain zuzen, Liburu Santuak: Horregatik, atzerritarren artean goretsiko zaitut, eta zure omenez kantatuko dut.

10. Beste batean, berriz, hauxe dio: Naziook, egin poz-oihu haren herriarekin batera.

11. Eta beste batean: Goretsazue Jauna, nazio guztiok, ospa ezazue, herri guztiok!

12. Isaiasek ere hau dio: Erneko da Jeseren sustraia, eta sortuko denak nazioak gobernatuko ditu. Harengan izango dute itxaropen nazioek.

13. Itxaropen-iturri den Jainkoak alaitasunez eta bakez bete dezala zuen fedea, eta Espiritu Santuak eman diezazuela bere indarraz itxaropena gainezka.

Irakurri kapitulu osoa Erromatarrei 15