Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

KRISTAU JOKAERA (12,1—15,13)

1. Senideok, Jainkoaren maitasunagatik eskatzen dizuet eskain ditzazuela zeuen buruak opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri. Hori da egiazko zuen kultua.

2. Ez egokitu mundu honen iritzietara, eraberri zaitezte baizik, zeuen pentsaera aldatuz; horrela bereizi ahal izango duzue zer den Jainkoak nahi duena, zer den ona, atsegingarri zaiona eta bikaina.

Bakoitzak bere eginbeharra eliz elkartean

3. Jainkoak eman didan dohainaren izenean, hau diotsuet guztioi eta bakoitzari: ez hartu zeuen burua behar den baino handiagotzat; izan zaitezte neurritsu, Jainkoak bakoitzari eman dion sinesmenaren arabera.

4. Izan ere, gorputza bat den arren, atal asko ditu, eta ez dute atal guztiek eginkizun bera;

5. berdin guk ere: asko garen arren, Kristorekin elkarturik gorputz bat egiten dugu eta guztiok bata bestearen atal gara.

6. Dohain ezberdinak ditugu, Jainkoak eman nahi izan dizkigun araberakoak. Beraz, Jainkoaren izenean mintzo denak iragar beza Jainkoaren hitza sinesmenari dagokionez;

7. Jainkoak zerbitzari egin duena saia bedi zerbitzuan; irakaslea irakasten;

8. adore-emailea adore ematen. Bere ondasunak banatzen dituenak bana bitza eskuzabaltasunez; buru egiten duenak egin beza arduraz; erruki-egintzak egiten dituenak, alaitasunez.

Elkar maitatu

9. Zuen maitasuna izan bedi itxurakeriarik gabea; gorrotatu gaizkia eta itsatsi ongiari.

10. Maita ezazue elkar bihotzez senide on bezala, elkar nork baino nork maiteago izaten saiatuz.

11. Izan saiatuak eta ez nagi; izan gogoz kartsu, Jauna zerbitzatzeko beti prest.

12. Bizi zaitezte itxaropenean alai; izan eroapen handiko ezbeharrean eta iraupentsu otoitzean.

13. Lagundu fededunei beren beharretan; eman gogoz ostatu arrotzari.

14. Bedeinka itzazue erasotzen dizuetenak, bedeinkatu eta ez madarikatu.

15. Poztu pozez daudenekin; egin negar negarrez daudenekin.

16. Bizi zaitezte elkar ongi hartuz; ez izan handinahi, apalen mailako baizik; ez jo zeuen buruak jakintsutzat.

17. Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde. Saia zaitezte gizon-emakume guztiei ongi egiten.

18. Zeuen aldetik eta ahal den neurrian, izan bakean guztiekin.

19. Ene maiteok, ez egin mendekurik zeuen kontura; utzi Jainkoari zigorra ematea, Liburu Santuak hau baitio: Neuri dagokit mendekua, neuk emango diot bakoitzari berak merezia. Hau dio Jaunak.

20. Beraz, zure etsaia gose bada, emaiozu jaten; egarri bada, emaiozu edaten. Horrela, lotsa gorrian utziko duzu.

21. Ez zaitzala gaitzak mendera, baizik eta menderatu gaitza ongiaz.