Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 11:9-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Eta Davidek honela dio: Gerta bekizkie beren otorduak tranpa eta sare, erorbide eta zigor.

10. Lauso bitez haien begiak, ez dezaten ikus, makur bekie bizkarra betiko.

11. Beste galdera bat: Gehiago ez zutitzeko erori ote da Israel? Inola ere ez! Haiek erori zirelako heldu dira jentilak salbamenera, eta hori israeldarren jelosia pizteko gertatu da.

12. Beraz, haien erortzea munduarentzat aberasbide, hau da, haien hutsegitea jentilentzat aberasbide gertatu bada, zenbatez aberasgarriago ez ote da izanen Israel osoak salbamena iristea!

13. Orain, zuei, jentiloi, mintzo natzaizue: jentilen apostolu naizenez gero, ospetsu egin nahi dut neure zerbitzu hau,

14. ea neure jatorrikoen jelosia pizten dudan eta haietako batzuen batzuk salbatzen ditudan.

15. Israeldarrak baztertzetik munduari Jainkoarekin baketzea etorri baldin bazaio, zer ote datorke Jainkoak berriro haiek onartzetik? Heriotzatik bizira etortzea izango litzateke hori!

16. Gainera, lehen opilak Jainkoari sagaratuak badira, baita oraldi osoa ere, eta sustraia sagaratua bada, baita adarrak ere.

17. Bai, adar batzuk moztu dizkio Jainkoak Israeli, eta moztu gabekoen artean zu txertatu, basaolibondo zaren hori; horrela, haiekin batera, olibondoaren sustraitik datorren izerdian partaide gertatu zara.

18. Baina ez harrotu adar moztuen lepotik. Eta harrotzeko tentazioa baduzu, izan gogoan ez diozula zuk eusten sustraiari, sustraiak zuri baizik.

19. Zuk esan dezakezu: «Ni txertatzeko moztu zituen Jainkoak adarrok».

20. Hala da, beren sinesmen-ezagatik moztu zituen, eta zuk zeure sinesmenagatik irauten duzu; ez izan, beraz, harro, eta ibili kontuz.

21. Berezko adar zirenekin Jainkoak begiramenik izan ez bazuen, beharbada zurekin ere ez du izango.

22. Hartu, bada, gogoan Jainkoaren bihotz ona eta zorroztasuna: zorroztasuna erori zirenentzat, bihotz ona zuretzat, baina haren ontasunean irauten baduzu; bestela, zu ere moztu egingo zaituzte.

23. Israeldarrak ere, beren sinesgogorkeriari uko egiten badiote, txertatuko ditu, bai baitu Jainkoak ahalmenik haiek berriro txertatzeko.

Irakurri kapitulu osoa Erromatarrei 11