Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 1:17-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. Izan ere, berri on horrek Jainkoak fedearen bidez bakarrik onartzen gaituela agertzen digu. Hau dio Liburu Santuak: Zintzoa fedeari esker biziko da.

18. Ikusten ari gara Jainkoak bere haserrea agertzen duela gizon-emakume guztien gain zerutik, sinesgabe eta zuzengabe direlako, eta beren zuzengabekeriaz egia ito egin dutelako.

19. Izan ere, Jainkoaz jakin daitekeena agerian dute, Jainkoak berak agertu baitie.

20. Mundua mundu denetik, berez ikusezina dena, hau da, Jainkoaren betiereko ahalmena eta jainkotasuna, ikusgarri gertatzen zaio haren egintzak aztertzen dituenari. Ez dute, beraz, aitzakiarik,

21. Jainkoa ezaguturik, ez baitiote aintzarik, ez eskerrik eman, berari dagokion bezala; baizik arrazoibide hutsaletan galdu dira eta beren adimen zentzugabea ilundu egin zaie.

22. Beren buruak zuhurtzat edukiz, ergel bihurtu dira;

23. eta, Jainko hilezkorraren aintza utzirik, gizaki hilkor, hegazti, lauoineko abere eta narrastien irudietara jo dute.

24. Horregatik, Jainkoak beren grina txarren menpe utzi ditu eta zikinkerietan erori dira, beren buruak desohoratzeraino.

Irakurri kapitulu osoa Erromatarrei 1