Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 9:3-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Damaskorantz zihoala, bertatik hurbil, bat-batean zerutiko argi batek distiraz inguratu zuen.

4. Lurrera erori zen eta mintzo hau entzun zuen:—Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu?

5. —Nor zaitut, Jauna? —galdetu zuen Saulok.—Jesus naiz, zuk pertsegitzen duzuna.

6. Orain, jaiki eta sartu hirian; han esango dizute zer egin behar duzun.

7. Haren bidelagunak ikaraz mutu gelditu ziren, hotsa entzuten baitzuten, baina inor ikusten ez.

8. Saulo lurretik altxatu zen eta, begiak zabalik zituen arren, ez zuen deus ere ikusten. Eskutik hartuta eraman zuten Damaskora,

9. eta hiru egun eman zituen han itsu, ezer jan eta edan gabe.

10. Bazen Damaskon Ananias zeritzan ikasle bat. Jaunak ikuskari batean dei egin zion:—Ananias!—Hemen nauzu, Jauna —erantzun zuen hark.

11. Jaunak esan zion:—Zoaz berehala Kale Zuzenera, Judasen etxera, eta galdegizu Tarsoko Saulo delakoaz; otoitzean ari da

12. eta ikuskari batean Ananias izeneko gizon bat ikusi du etxean sartzen eta eskuak gainean ezartzen, berriro ikusi ahal izan dezan.

13. Ananiasek erantzun zion:—Jauna, askori entzuna diot gizon horrek zenbat kalte egin dien zure fededunei Jerusalemen.

14. Eta hemen bertan ere badu aginpide, apaiz nagusiak emanik, zuri dei egiten dizuten guztiak atxilotzeko.

15. Jaunak, ordea, esan zion:—Zoaz, neure zerbitzurako hautatua baitut gizon hori, bai jentilei eta haien erregeei, bai israeldarrei, nire izena ezagutaraz diezaien.

16. Neuk agertuko diot zenbat sufritu beharko duen niregatik.

17. Joan zen Ananias eta, etxean sarturik, eskuak ezarri zizkion Saulori, esanez: «Anaia Saulo, Jaunak, bidean zentozela agertu zitzaizun Jesusek, bidali nau, berriro ikus dezazun eta Espiritu Santuaz bete zaitezen».

18. Bat-batean, begietatik ezkata bezalako batzuk erori zitzaizkion eta ikusten hasi zen berriro; berehala, bataiatu egin zen.

19. Gero, jan eta indarrak berritu zitzaizkion.Saulo Damaskoko ikasleekin gelditu zen zenbait egunez;

20. gero, sinagogetan predikatzen hasi zen, Jesus Jainkoaren Semea dela hots eginez.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 9