Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 7:9-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. «Patriarkek, ezinikusiagatik, saldu egin zuten beren anaia Jose, eta Egiptora eramana izan zen. Baina Jainkoa berekin zuen Josek,

10. eta larrialdi guztietatik onik atera zuen. Jakinduria eman zion eta Egiptoko errege faraoiaren aurrean begiko egin; hala, Egiptoko eta bere jauregiko buru jarri zuen faraoiak.

11. Gero, gosetea gertatu zen Egipto osoan eta Kanaanen. Larria zen egoera eta gure arbasoek ez zuten jatekorik.

12. Jakobek, Egipton garia bazela jakinik, hara bidali zituen gure arbasoak.

13. Bigarren aldiz joan zirenean, Josek bere burua ezagutzera eman zien anaiei, eta Joseren jatorriaren berri jakin zuen faraoiak.

14. Orduan, Josek bere aita Jakob eta etxeko guztiak ekartzeko agindu zuen: hirurogeita hamabost lagun ziren guztira.

15. Honela jaitsi zen Jakob Egiptora, eta han hil ziren bera eta beste gure arbasoak.

16. Gero, haien gorpuak Sikemera eraman zituzten eta, bertan, Abrahamek Hamorren ondorengoei diruz erositako hilobian ezarri.

17. «Jainkoak Abrahami zin eginiko agintzaria betetzeko garaia hurbildu ahala, herria haziz eta ugalduz joan zen Egipton.

18. Bainabeste errege bat izan zen Egipton, Jose ezagutu ez zuena.

19. Hark gure herriaren aurka maltzurkeriaz jokatu zuen eta tratu txarra eman zien gure arbasoei, beren haurrak zapuztera behartuz, bizi ez zitezen.

20. «Garai hartan jaio zen Moises. Guztiz ume ederra zen eta hiru hilabetez gurasoek etxean hazi zuten.

21. Utzi beharra izan zutenean, faraoiaren alabak jaso zuen eta bere seme bezala hazi.

22. Egiptoarren jakintza guztia ikasi zuen Moisesek, eta hizketan eta ekintzan trebea izan zen.

23. «Berrogei urte bete zituenean, bere senide israeldarrekin harremanetan jartzea erabaki zuen.

24. Egiptoar batek israeldar bat gaizki zerabilela ikusirik, honen alde atera zen eta, anaia zapaldua mendekatu nahirik, hil egin zuen egiptoarra.

25. Uste zuen bere senideek ulertuko zutela beraren eskuz askatu nahi zituela Jainkoak; baina ez zuten ulertu.

26. Biharamunean, israeldar batzuk borrokan ari zirela, haien artera sartu zen bakeak egitera, esanez: “Adiskideok, zergatik ari zarete elkar joka, anaiak izanik?”

27. Baina laguna jotzen ari zenak bultza egin zion, esanez: Nork jarrihau hi gure arteko buruzagi eta epaile?

Irakurri kapitulu osoa Eginak 7