Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 5:19-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Baina gauez Jaunaren aingeruak ateak zabaldu eta kanpora atera zituen, esanez:

20. «Zoazte tenplura, eta azaldu herriari biziera honi dagokion guztia».

21. Esan zitzaien bezala, egunsentian tenplura joan eta irakasten hasi ziren.Bitartean, apaiz nagusiak eta honen alderdikoek israeldar buruzagien Biltzar Nagusia bilarazi zuten eta apostoluak kartzelatik ekartzeko agindu.

22. Baina guardiek, joan zirenean, ez zituzten aurkitu, eta berri ematera itzuli ziren:

23. «Kartzela arreta guztiaz itxia aurkitu dugu eta zaintzaileak ateetan erne, baina irekitzean barruan ez dugu inor aurkitu».

24. Berria entzunik, tenpluko guardiaburua eta apaizburuak zer gertatu ote zen asmatu ezinik zebiltzan.

25. Hartan, norbait etorri zen albiste honekin: «Kartzelan sartu zenituzten gizonak tenpluan daude eta herriari irakasten dihardute».

26. Joan zen, orduan, guardiaburua bere mutilekin eta ekarri egin zituen, baina indarrik erabili gabe, herriak harrika emango ote zien beldur baitziren.

27. Biltzar Nagusiaren aurrera eraman zituzten eta apaiz nagusiak esan zien:

28. —Ez al genizuen zorrotz agindu Jesusen izenean ez irakasteko? Zuek, ordea, Jerusalem osoa bete duzue zeuen irakaspenez; gainera, gizon horren heriotzaren erantzukizuna leporatu nahi diguzue.

29. Pedrok eta beste apostoluek erantzun zuten:—Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena.

30. Gure arbasoen Jainkoak piztu egin du zuek egur batetik zintzilik hil zenuten Jesus.

31. Jainkoak bere eskuinaldera altxatu du, buru eta salbatzaile eginez, Israeli bihozberritzea eta bekatuen barkamena emateko.

32. Gu gara honen guztiaren lekuko, gu eta esaneko zaizkionei Jainkoak ematen dien Espiritu Santua.

33. Erantzun honek beren onetik atera zituen, eta hil egin nahi zituzten apostoluak.

34. Baina bazen Biltzar Nagusian Gamaliel zeritzan fariseu bat, herri osoan itzal handia zuen lege-irakaslea; apostoluak kanpora ateratzeko agindu ondoren, biltzarrean zutik,

35. honela hitz egin zuen: «Israeldarrok, begira ongi zer egitera zoazten gizon hauekin.

36. Oraindik orain atera zen Teudas ere, norbait bazelako ustetan, eta laurehunen bat gizon bilduak zituen; baina hil egin zuten, eta haren jarraitzaile guztiak sakabanatu egin ziren, eta dena hutsean gelditu.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 5