Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 28:3-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Paulok ere bildu zuen besakada bat abar ihar, eta, sutara botatzean, sugegorri bat eskuan itsatsi zitzaion, berotik ihesi.

4. Bertakoek, haren eskutik piztia zintzilik ikustean, elkarri ziotsoten: «Segur aski, hiltzaileren bat da hori; itsasotik ihes egin du, baina Justizia jainkosak ez dio bizitzen uzten».

5. Baina Paulok, sugea astinduz, sutara bota zuen eta ez zitzaion ezeren okerrik gertatu.

6. Haiek uste zuten Paulo berehala handitu eta hilda eroriko zela; egon ziren puska batean zain eta, ezer txarrik ez zitzaiola gertatzen ikusirik, iritziz aldatu eta jainkoa zela esaten hasi ziren.

7. Toki hartatik hurbil, etxalde bat zuen uharteko buruak, Publio zeritzanak. Honek bere etxean ostatu eman zigun hiru egunetan arreta guztiaz.

8. Hain zuzen, Publioren aita ohean zegoen gaixo, sukarraz eta beherakoaz. Joan zitzaion Paulo ikustera eta, otoitz egin eta eskuak ezarririk, sendatu egin zuen.

9. Hori zela eta, uharteko beste gaixoak ere Paulorengana etortzen ziren, eta honek sendatu egiten zituen.

10. Gurekiko begiramenez eta arretaz beteak agertu ziren, eta, berriro itsasora atera ginenean, behar genuen guztia eman ziguten.

11. Hiru hilabeteren buruan atera ginen, negua uhartean egina zuen Alexandriako ontzi batean; Kastor eta Polux zeramatzan ikurtzat.

12. Sirakusara iritsirik, hiru egun egin genituen bertan.

13. Handik, kostarik kosta Regiora heldu ginen. Biharamunean hego-haizeak jo zuen eta bi egunetan Potzuolira iritsi ginen.

14. Han senideak aurkitu genituen eta, haien erreguei men eginik, astebete egin genuen beraiekin. Ondoren, Erromara heldu ginen.

15. Hango senideak, bai baitzuten gure berri, bidera atera zitzaizkigun Foro Apio eta Hiru Bentara. Haiek ikustean, Jainkoari eskerrak eman zizkion Paulok, eta gogoa bizkortu zitzaion.

16. Erroman sartu ginenean, Paulori bere etxean bizitzeko baimena eman zioten, soldadu bat zaintzaile zuela.

17. Handik hiru egunera, Paulok judu buruzagiei dei egin zien eta, bildu zirenean, honela mintzatu zitzaien:—Senideok, ni, herriaren aurka edo geure arbasoen usadioen aurka deus ere egin gabe, preso egin eta erromatarren eskuetara eman ninduten Jerusalemen.

18. Haiek, galdeketa egin ondoren, askatu egin nahi izan ninduten, ez baitzidaten heriotza merezi zuenik ezer aurkitu.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 28