Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 28:17-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. Handik hiru egunera, Paulok judu buruzagiei dei egin zien eta, bildu zirenean, honela mintzatu zitzaien:—Senideok, ni, herriaren aurka edo geure arbasoen usadioen aurka deus ere egin gabe, preso egin eta erromatarren eskuetara eman ninduten Jerusalemen.

18. Haiek, galdeketa egin ondoren, askatu egin nahi izan ninduten, ez baitzidaten heriotza merezi zuenik ezer aurkitu.

19. Baina juduak hain gogor kontra zeudenez, enperadoreagana jo behar izan nuen, baina neure herria salatzeko batere asmorik gabe.

20. Horra zergatik nahi izan dudan zuek ikusi eta zuekin mintzatu; izan ere, Israelen itxaropenagatik naukate lotua kate hauek.

21. Haiek erantzun zioten:—Guk ez dugu Judeatik zuri buruzko eskutitzik jaso, eta ez zaigu seniderik etorri ere, zutaz berri txarrak emanez edo gaizki hitz eginez.

22. Baina atsegin genuke zure ideien berri zeure ahotik entzutea, zure sekta horretaz ez baitakigu, bazter guztietan kontra egiten zaiola besterik.

23. Izendatu zioten, beraz, egun bat, eta asko joan zitzaizkion bera zegoen etxera. Paulo Jainkoaren erregetzaren azalpena eta testigantza egiten jardun zitzaien goizetik arratsaldera eta, Moisesen legea eta profetak oinarri hartuz, Jesusen mezua sinestarazten ahalegindu zen.

24. Batzuek onartzen zuten Paulok esana; beste batzuek, ordea, sinesgogor jarraitzen zuten.

25. Ez zetozen beren artean bat, eta, alde egitera zihoazela, Paulok azkenik esan zien: «Ederki asko esan zien Espiritu Santuak zuen arbasoei Isaias profetaren bidez:

26. «Zoaz eta esaiozu herri honi: Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.

27. Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez bezate beren begiez ikus, ez belarriez entzun, ezta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.

28. «Jakizue, bada, jentilei bidali zaiela Jainkoaren salbamena; horiek bai, entzungo dute» (

29. ).

30. Paulo bi urte bizi izan zen han bere kontura, eta ikustera zetozkion guztiak hartzen zituen etxean.

31. Jainkoaren erregetza hots egiten zien eta Jesu Kristo Jaunari dagokiona irakasten ausarki, batere eragozpenik gabe.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 28