Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 27:8-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Eta kostarik kosta doi-doi iritsi ginen Portu Eder izeneko toki batera, Lasea hiritik hurbil.

9. Denbora asko galdua genuen, eta arrisku handia zuen ordutik aurrera bideak, negua gainean baitzen. Paulok ohar hau egin zien:

10. «Adiskideok, ikusten nago itsas ibilaldi honek kalte eta galera handiak ekarriko dituela, ez karga eta ontziarentzat bakarrik, baita guretzat ere».

11. Baina ehuntariak fede gehiago zuen lemazain eta patroiarengan Pauloren esanetan baino.

12. Portu hura, bestalde, ez zen negua igarotzeko egokia, eta itsasora jotzearen aldeko izan ziren gehienak; Fenikeraino iritsi nahi zuten, hego-mendebalde eta ipar-mendebaldera begira dagoen Kretako portu horretan negua emateko asmoz.

13. Bazen hego-haize apur bat, eta beren asmoa bete zezaketela uste zuten denek; jaso zituzten, beraz, aingurak, eta Kretako bazterrari atxikirik joan ziren.

14. Baina handik berehala, euroakiloi deitzen zuten haize-erauntsi batek eraso zion lehorraldetik ontziari;

15. haizeak zeraman ontzia, eta, haizeari ezin eutsi geniolarik, noragabe joaten utzi genuen ontzia.

16. Kauda izeneko uharte koskor baten babesean igarotzean, ozta-ozta egin ginen salba-txaluparen jabe.

17. Hura ontzira jaso ondoren, ontzia kablez estutu zuten gogortzeko, eta, Sirteko hondar-metaren batean hondoa jotzeko beldurrez, aingura flotagarria bota eta noragabe jarraitu zuten.

18. Biharamunean, oraindik ekaitzak gogor jotzen baitzuen, ontzia arintzen hasi ziren.

19. Hirugarren egunean, ontziko tresneria itsasora jaurti zuten marinelek.

20. Egun asko baitzen ez eguzkirik, ez izarrik ez zela ageri, eta ekaitz zakarrak bere hartan jarraitzen baitzuen, galdurik genituen onik ateratzeko itxaropen guztiak.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 27