Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 27:30-41 Elizen Arteko Biblia (EAB)

30. Marinelak, ontzitik ihes egin nahirik, txalupa uretara eraisten ari ziren, aingurak brankatik botatzeko aitzakiaz.

31. Paulok honela esan zien ehuntari eta soldaduei: «Horiek ontzian gelditzen ez badira, zuek ez zarete bizirik aterako».

32. Orduan, soldaduek, sokak ebaki eta txalupa erortzen utzi zuten.

33. Eguna zabaldu bitartean, zerbait jan zezatela eskatu zien Paulok denei, esanez: «Hamalau egun dira gaur, baraurik eta kezkaz zaudetela, ezer hartu gabe.

34. Jan, bada, mesedez, beharrezkoa baituzue salbatzeko. Ez duzue inork buruko ile bat ere galduko».

35. Hau esan ondoren, hartu zuen ogi bat eta, denen aurrean Jainkoari esker oneko otoitza eginik, zatitu zuen eta jaten hasi zen.

36. Orduan, beste guztiek ere animatu eta jan egin zuten.

37. Berrehun eta hirurogeita hamasei lagun ginen guztira ontzian.

38. Ase eta gero, ontzia arindu zuten, garia itsasora jaurtiz.

39. Eguna argitu zuenean, ez zuten lurralde hura ezagutu; baina, itsasadar bat bere hondartzarekin begiztaturik, ahal bazen ontzia bertan sartzea erabaki zuten.

40. Askatu zituzten, beraz, bi aldeetako aingurak eta uretan erortzen utzi; era berean, lemako lokarriak lasaitu zituzten eta, brankako oihala haizeari emanik, hondartzarantz abiatu ziren.

41. Baina hondar-meta batean hondoa jo zuten; branka hondarretan sartua gelditu zen, mugitu ezinik; txopa, berriz, zartatuz zihoan olatuen kolpez.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 27