Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 27:20-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

20. Egun asko baitzen ez eguzkirik, ez izarrik ez zela ageri, eta ekaitz zakarrak bere hartan jarraitzen baitzuen, galdurik genituen onik ateratzeko itxaropen guztiak.

21. Denbora asko generaman ezer jan gabe. Paulok erdian zutik jarri eta esan zuen: «Adiskideok, hobe nire esana egin bazenute eta Kretatik atera ez bagina: hartara ez genituzkeen kalte eta galera hauek izango.

22. Dena dela, ez galdu adorea, arren, zuetako inor ez baita galduko; ontzia galduko da bakarrik.

23. Bart gauean, nire jabea den eta nik zerbitzatzen dudan Jainkoaren aingerua agertu zait,

24. eta hau esan dit: “Ez beldurtu, Paulo! Enperadorearen aurrean agertu behar duzu, eta ontzian zurekin doazen guztiak ere bizirik aterako direla agintzen dizu Jainkoak”.

25. Izan bihotz, bada, adiskideok! Badut uste on Jainkoarengan, eta ziur naiz esan zaidan bezala gertatuko dela.

26. Uharteren bat jo behar dugu».

27. Hamalaugarren eguna zen Adriatikon noragabe gindoazela. Hartan, gauerdi aldera, lehorra hurbil sumatu zuten marinelek.

28. Bota zuten berun-soka neurtzeko, eta hogei besaldi eman zituen; bota zuten berriro aurreraxeago, eta hamabost eman zituen.

29. Orduan, harkaitzen bat jotzeko beldurrez, lau aingura bota zituzten txopatik, eta eguna argitzeko irrikatzen zeuden.

30. Marinelak, ontzitik ihes egin nahirik, txalupa uretara eraisten ari ziren, aingurak brankatik botatzeko aitzakiaz.

31. Paulok honela esan zien ehuntari eta soldaduei: «Horiek ontzian gelditzen ez badira, zuek ez zarete bizirik aterako».

Irakurri kapitulu osoa Eginak 27