Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 25:17-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. Beraz, nirekin Zesareara etorri ziren haiek eta, hurrengo egunean, batere luzapenik gabe, auzi-mahaian eseri nintzen eta gizon hori ekartzeko agindu nuen.

18. Baina salatzaileak aurkeztu zirenean, ez zioten nik uste nuen okerrik batere leporatu.

19. Beren erlijioari buruzko gorabeherak baino ez zituzten, eta hila den eta Paulok bizi dela dioen Jesus izeneko bati buruzkoak bereziki.

20. Nik ez bainekien auzi hura nondik nora eraman, Jerusalemera joan nahi al zuen galdetu nion, han epai zezaten.

21. Baina Paulok gora jo zuen, auzia enperadore jaunak erabaki zezala eskatuz; beraz, kartzelan zain zezatela agindu nuen, enperadoreagana bidali arte».

22. Agripak esan zion Festori:—Neuk ere gustura entzungo nioke gizon horri.—Bihar entzungo diozu —erantzun zion Festok.

23. Biharamunean, beraz, Agripa eta Berenize etorri ziren ospe handiz eta entzutegian sartu ziren, gudalburuak eta hiriko handikiak berekin zituztela. Paulo ekartzeko agindu

24. eta honela mintzatu zen Festo: «Agripa errege eta gurekin zaudeten gainerako jaunok, hona hemen gizona. Judu guztiak, bai Jerusalemen eta bai hemen, bizia zor duela oihukatuz etorri zaizkit.

25. Garbi ikusi dut, hala ere, ez duela heriotza merezi duenik ezer egin; baina enperadore jaunarengana jo duenez gero, harengana bidaltzea erabaki dut.

26. Ez dut, ordea, enperadore jaunari honetaz idazteko ezer garbirik. Horregatik ekarri dut zuen aurrera eta, batez ere, zure aurrera, Agripa erregea, hemengo galdeketaren ondoren zer idatzirik izan dezadan.

27. Izan ere, zentzugabe iruditzen zait preso bat bidaltzea, leporatzen zaizkion erruak azaldu gabe».

Irakurri kapitulu osoa Eginak 25